Giro eguzkitsu eta gozoarekin ospatu da igande honetako, abenduaren 14ko NOAUA! K.E.-ren San Tomas azoka Usurbilgo frontoian. Etenik gabekoak izan dira bisitarien joan-etorriak pilotalekuan zeuden postuetara. Gozogintzako hainbat postu izan dira, artisautzakoak ere. Halere, herri ordezkaritza zabalarekin egin du topo Ostolazak eta Larrañagak giroturiko azokan barneratu denak.
Batetik, Udarregi ikastolak eta Aginagako eskolak postu bana izan dute. Segidan duzuen argazki sortan lehenengoa, Aginagako eskolak eginiko produktu askorekin hornituriko otarraren zozketako saritua duzue; Haritz Holgado izan da aurtengoan. Udarregi ikastolako DBH 4. mailako ikasleak ikasturte amaierako bidaia finantzatzen lagunduko dieten gozogintzako produktuak saltzen aritu dira.
Jakiekin segita, Nafartarrak taldekoak Zuberoako ikastolak laguntzeko udazkenean abiarazitako kanpainako otarrak eskuratzeko aukera izan dute aurrez eskatuak zituztenek. Bihartik aurrera, NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan jaso ahalko dituzue. Tokiko produktuak aipatuta, ezin ahaztu Alkartasuna kooperatibak jarritako postua ere. Euskalgintzarekin segita, martxoaren 19tik 29ra egingo den 24. Korrikaren materiala saltzen aritu da Etumeta AEK euskaltegia.
Jakietara itzulita, Usurbilgo gaztaingileak eta talogileak bueltan izan ditugu. Azken hauek, aipatuta, Sutegi atarian kokatu dute postua azken azoketan egin duten moduan. Bertaraturiko talo gosea ase ezinik aritu dira jo eta su lanean. Goiz osoan zehar Mikel Laboa plazaraino heldu da taloa dastatzeko gogoz zen jendearen ilara.
Aipatu moduan, beraz, ez da jan edanik falta izan. Sagardo eta babarrun txapelketara aurkezturiko babarruna ikusgai egon da, eta sagardoa aldiz dastatzeko modua jarri da.
Azoka bizia, beraz, giro ezin ederragoan ospaturikoa izan da aurtengoa ere.