Greba orokorra martxoaren 17an

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 15a

Greba orokorra deitu dute LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek martxoaren 17an Hego Euskal Herrian, baita honenbestez, Usurbilen ere, "1.500 euroko LGS bat ezar dadin galdegiteko". 

Greba orokorrerako deia egin berri dute astelehen honetan, abenduaren 15ean, LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Martxoaren 17rako, asteartea, finkatu dute greba eguna Hego Euskal Herri osoan, baita, beraz, Usurbilen ere, "1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) ezar dadin galdegiteko". 

Greba horren deitzaileek salatu dute, "Hego Euskal Herriko erakunde politikoen “eraso antidemokratikoa”, bertoko LGS bati buruzko eztabaida hasteko aukerari ere bidea itxi baitiote. Batetik, Nafarroako Parlamentuak txosten juridikoen aitzakia jarri zuen eztabaida ukatzeko; bestetik, Eusko Legebiltzarrean EAJren, PSEren, PPren eta Voxen botoek itxi zuten atea".

Honenbestez, sindikatuok salatu dutenez, "mespretxatu egin dituzte Herri-Ekimen Legegilea (HEL) sostengatu zuten 138.000tik gora sinadurak. Gogoratu beharra dago erakundeek Pentsiodunen Mugimenduaren HEL bat ere baztertu zutela: eztabaida fasera ez zuten onartu. Era berean, Confebas-ek eta CEN-ek (kasu horretan UGT eta CCOO-en konplizitatearekin) uko egin diete sektore arteko negoziazio kolektiboaren bidez Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propio bat negoziatzeari".

"Langileria guztiarentzako hitzordu saihestezina dugu"
Testuinguru horretan, "erantzun indartsu" bat ematea erabaki dute sindikatuok; "Gasteizko eta Iruñeko gobernuei, baita Confebask eta CEn patronalei ere: Martxoaren 17rako greba orokorra" deituta. 

Greba iragarri duten eragileok 2026an bertan, "1.500 euroko LGS bat proposatzen dute; hau Gasteizko eta Iruñeako parlamentuek finkatu beharko lukete, behin Diputatuen Kongresuan Langileen Estatutuko 27. artikulua aldatzeko urratsa egin eta gero. Horregatik, euskal alderdi politikoei galdegiten diete aldarri hau Madrilera eraman eta haren onarpena negozia dezaten. Bide batez, sindikatuek alderdiei eskatzen diete ez dezatela EAEko nahiz Nafarroako estatus juridikoaren aldaketarik onartu baldin eta eskuduntza hori gabe bada. Halaber, Confebask eta CEN patronalei egindako eskariak bere horretan dirau: lanbidearteko akordioak sina ditzatela LGSa hilean 1.500 eurokoa izan dadin 2026rako. Jakina denez, LGSa handituz gero negoziazio kolektiboan eragina izango luke, beste soldaten igoera ere ekarriko bailuke; horregatik, greba orokor hau langileria guztiarentzako hitzordu saihestezina dugu".

"Babes sozialeko sistemaren oinarri"
Inflexio puntutzat jo dute greba deialdi hau, "soldatak hobetzearen ondorioz aberastasunaren banaketa hobea lortzeko". Horrekin batera, 1.500 euroko LGS-ak "emakume langileei ezarritako soldata-arrakala murrizten lagunduko du. Era berean, ondorio zuzenak izango ditu prekarizatuenak diren kolektiboetan (gazteak, migratzaileak edo aniztasun funtzionala duten pertsonak)".

Sindikatuok gogorarazi dutenez, "babes sozialeko sistemaren oinarri" gisa definitu dute gauzatzea galdegiten duten neurri hori eta "1.500 euro horiek, bestalde, gutxieneko pentsioaren zenbatekoa ere izan beharko lirateke; horrela Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eskari nagusietako bat beteko litzateke. Eta nahikoak izan beharko lukete etxebizitza bat eskuratzeko eta bizimodu independentea garatzeko".

Horregatik, diote, "greba honetako aldarri nagusia ikuspegi sozialetik eginiko burujabetza ariketa bat dela: aberastasunaren banaketa hobea eta kohesio sozial areagotua litzateke Hego Euskal Herriarentzako eskuduntza berrien bidez, patronalek eta gobernuek Madrilen erabakitako legeak baliatu nahi baitituzte euskal langileria prekarizatzeko. Honenbestez, martxoaren 17ko greba orokorra gizartearen aurrerapauso bat izango da erabaki politikoetan parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatzeko; kasu honetan, LGSa eta gainerako soldata eta prestazio sozialak erabakitzeko Hego Euskal Herriari zor zaion eskubidea".

Langileria guztia greba egunean nahiz aldez aurretik deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dute sindikatuok.