Deialdia benjamin eta alebin mailakoei zuzendua egongo da. “Goizean zehar, eskubaloia modu lasai eta dibertigarrian ezagutzeko aukera izango da. Jolasak, ariketa errazak, eta taldean aritzeko hainbat proposamen prestatuta ditugu. Horrez gain, gure Lehenengo Nazionalean lehiatzen ari diren jokalari batzuk ere bertan izango dira: haiekin jolastu, haien esperientziak entzun, eskubaloiko teknika berriak ezagutu eta nahi dituzuen galderak egiteko aukera egongo da”.
Hitzorduan parte hartzeko ez da aurretiazko ezagutza edo esperientziarik beharko. “Eskubaloi eskolan izen eman gabeko jokalariek etortzeko aukera dute, eskubaloiaren nondik norakoak ikusteko eta bizitzeko. Jolasaren bidez, kirol giroa ezagutu eta talde batean egotearen gustua bizitzea da helburua. Etxetik ekarri beharreko gauza bakarra kirola egiteko arropa erosoa eta gogoa izango da (jokalariek Buruntzaldeko bazkideak izan beharko dute)”.
Ate irekien egun hau borobiltzeko, Lehen Nazional mailako senior mutilen taldeak 19:15ean kiroldegian Tolosa Eskubaloiaren aurka bertan jokatuko duten urteko azken neurketa ikusteko aukera izan eta hitzordura joateko deia egin du Usurbil K.E.-k.
Lankidetza hitzarmena zabaldu dute Usurbil K.E.-k eta Rural Kutxak
Bi aldeek adostua zuten lankidetza hitzarmena zabaldu eta marko horren baitan, jakinarazi dutenez, “urte bukaerara arte Eskubaloi Eskolan parte hartzen duten neska-mutilek (benjamin eta alebin mailakoak: LH3, LH4, LH5 eta LH6), Rural Kutxan kontua edukitzeagatik edo berria irekitzeagatik eskubaloi eskolako inskripzioa kostatzen den 50 euroak itzuliko dizkie Rural Kutxak, eta beraz, kosturik gabe parte hartu ahal izango dute. Gaur egun, parte-hartzen dutenentzat zein apuntatu daitezkeen neska-mutil berri guztientzat dago irekia promozio hau”, Usurbil K.E.-tik jakinarazi dutenez. Horren harira, antolatu dute larunbaterako, abenduaren 20rako teknifikazio saio berezia Oiardo kiroldegian.