Arrobitxulo

Arrobitxuloren topaketetako tailerretan izen-ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 16a

Arrobitxulo elkargunea abenduaren 15etik 26ra antolaturiko topaketen baitan, zenbait tailer iragarri dituzte. Horietan guztietan izena emateko aukera duzue, hilaren 19ra arte.

Astelehen honetan, abenduaren 15ean hasiera ematekoa zioten Gaztelekuan "Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketei. Abenduaren 26ra arte hamaika hitzordu antolatu dituzte; horien artean, zenbait tailer. Batetik, abenduaren 22an, hiru sorkuntza tailer iragarri dituzte Potxoenean herriko sortzaileen eskutik. Bestalde, hilaren 24an, taloak nola egin ikasteko aukera izango da herriko talogileen eskutik. Saio horietan guztietan izena aurrez eman beharko da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, abenduaren 19ra arteko epealdia dago izen-emate hori bideratzeko. Horretarako, sartu Arrobitxulok Instagramen duen helbide honetan: instagram.com/arrobitxulo/

Horrez gain, berrerabilera eta trukea sustatuko dituen Aztarritruk azoka ere antolatu du aurten Arrobitxulo elkarguneak. Abenduaren 20an, larunbatean egingo da. Material bilketa, aldiz, lehenago, hilaren 18an eta 19an bideratuko dute Sutegiko erakustaretoan. Arropa, liburuak, musika... trukatu ahalko dira ekimen horretan.

Urte erabakigarriaren atarian
Egitasmoa nabarmen definituagoa dutela eta fase erabakigarri batean sartzear den Arrobitxulo elkarguneak topaketak antolatu ditu asteotarako. Iaz eginikoak baino iraupen luzeagoa izango dute.

Hitzaldi, bilera, azoka, kantu saio, tailer eta kalejirekin hornitu dute oparo datorren eskaintza. Argi adierazi nahi dute, "Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" hitzordu ziklo hau ez da soilik Elkarguneak bateratzen dituen eragileetako kideentzat, herriari eskainitakoak baizik, herritar ororen parte hartzea erakarri nahi dute.

Aisialdira begirako ekintzez gain, garatzen jarraitzen duten proiektua ekarriko dute topaketon erdigunera; etorkizun geroz eta hurbilagoan, anbulatorio ondoko zelaian kokatuko den elkargunea izango dena. Gogoan izan, izena bera, marka edota hirigintza proiektua aurkeztu zutela iragan udaberrian Sutegin. Ordurako eta ordutik ere lanketan segi dute Arrobitxuloren baitan diren Usurbilgo kultur eragileek, aisialdikoek nahiz gazte mugimenduak Udalarekin. Aipatu moduan, 2026a urte erabakigarria izan daiteke egitasmo honen gauzatzean.

Datorrenari begira, barne funtzionamenduari begirako erabaki garrantzitsu hainbat hartu dituzte dagoeneko, beste hainbat hartzeke dituzte. Horretara bideratu nahi dute hain zuzen, garrantzitsutzat jo duten eta topaketa hauetan txertatu duten Arrobiltzarra.

Hemen, aurrerapen gisa, osatu duten egitarau oparo horren berri:

"Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketak
Abenduak 19, ostirala
18:30 San Tomas festa DBHko gazteentzat Askatasuna plazan.

Abenduak 20, larunbata
Frontoian:
11:00 Mural margoketa.
12:00-14:00 AztarriTruk, berrerabilera eta trukea sustatuko duen azoka.
Oharra: bilketa abenduaren 18an eta 19an 17:30-19:30 artean Sutegiko erakustaretoan.
13:00 Hasiera ekitaldia.

Abenduak 22, astelehena
17:30 Sormen tailerrak Potxoenean:
-"Bineten artean" komikigintza tailerra, Joseba Larratxe "Josevyski"-rekin.
-"Sortzen" joskintza tailerra Ione Iruretagoienarekin.
-Bertsogintza Lierni Errekondorekin.
18:45 Solasaldi musikatua Ixak Arrutirekin Zumarte Musika Eskolan.

Abenduak 23, asteartea
17:00 "Etxerako bidean, elkartasuna eta babesa" Harrera elkartekoen hitzaldia Potxoenean.

Abenduak 24, asteazkena
11:00 Talo tailerra Usurbilgo talogileen eskutik Usurbilgo frontoian.
17:30
Aztarrikant frontoitik abiatuta.
19:30 Gazte feministen argazkia Dema plazan.

Abenduak 26, ostirala
11:00 Arrobiltzarra eta abenduaren 20an frontoian landutako murala errotzea Udarregi ikastolako erdiko aretoan.
17:30 Ondoezik elektrotxaranga frontoitik abiatuta, herrian zehar.

Antolatzailea: Arrobitxulo elkargunea.