Urte amaierara heldu da eta harekin 2025ean zehar herri bizitza girotu duten eragileen azken ekintzak. 40. urtemuga urte hau agurtzen lehenengoetarikoa Zumarte Musika Eskola izango da, asteazken honetarako, abenduaren 17rako antolaturiko azken hitzorduarekin. Bertako abesbatzek murgiltzear garen urte garaiko kontzertua eskainiko dute arratsaldeko 18:30etan Salbatore elizan.
Horrez gain, Mari Domingiri eta Olentzerori egingo zaion harreran ere parte hartuko dute musika eskolakoek hilaren 24an.
Topaketaren ostean
Belaunaldiartekotasunaren elkargunea izan zen abenduaren 11n Zumarte Musika Eskola. Usurbilgo belaunaldi gazteenaren eta helduenaren topalekua izan zen eremu hori. Musikak batu zituen batzuk eta besteak. Urtero, bitan, elkartzen ditu halako ekitaldi batek musika eskolako gazteak eta Eguneko Zentroko nahiz eguneko arreta zerbitzuko erabiltzaileak.
Belaunaldiartekotasuna eta belaunaldi ezberdinen arteko elkar zaintzaren ispilu izaten dira hitzorduok. Bat udaberri partean egiten dute, bigarrena urte amaierako ospakizun zikloaren atarian. Abenduaren 11koak eguberri ukitu nabarmena izan zuen. Hasteko, musika eskolako instalakuntzak ezagutu eta instrumentuak probatzeko aukera izan zuten helduenek.
Gero, Zumarteko ganbaran zain zituzten musika eskolako gazteak. Haiek gidaturiko emanaldian, gabon kantak musikatu zituzten, helduekin batera abesten aritu artean.