Arrobitxulo

"Eragiteko gaitasun askoz gehiago dugu denak elkartuta"

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 17a

"Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketak antolatu dituzte elkargunea osatzen duten eragileek. Egitasmoa fase erabakigarrian sartzera doala iragarri dute. 

Zer prestatu duzue aurtengo topaketetarako?
Astebete baino gehiagoko zikloa izango da. "Gero bat gaurdanik, Arrobitxulo eraikitzen" izenburupean egingo dira. Etorkizuneko eraikina bera helmuga bat bada baina tresna den helmuga. Tresna hori jada gaurdanik martxan dago, eragileen arteko elkarlanaren bidez. Elkarlan hori indartzen, elikatzen segi behar dugu. Filosofia hori indartzeko lirateke topaketa horiek. Iazko edizioari, nahi gabe eragile ikuspegia eman eta egitarauko ekintza bakoitza nork antolatu zuen zehaztu genuen. Aurten hori dena kendu egin dugu. Ekintza bakoitzean Arrobitxuloren esentzia islatu nahi izan dugu. 

Besteak beste, Arrobiltzarra deitu duzue. Zertan da elkargunearen egitasmoa?
Aurten, barrura begira lan handia egin da. Irakurleei gogorarazteko, aurreko ikasturtean egin genuen lanketa orokor bat eragile guztien artean. Saio ireki eta bisita ezberdinak egin genituen proiektu ezberdinetara eta dena borobildu genuen udaberrian egindako aurkezpen zoragarri hartan Sutegin, "late night show" formatu berezi horretan. Hor aurkeztu genuen marka, aurreproiektua... Aurten, Arrobitxuloren dinamika bi lerroetan banatu da. Batetik, lantalde motorea aurreproiektu hori fintzen, kudeaketa eredu ezberdinak ezagutu edota izaera juridiko ezberdinen abantailak eta arriskuak aztertzen aritu da. Elhuyarren laguntzarekin aritu gara. Ekintzen lantaldea, bestalde, eragileen arteko lankidetza indartzen eta kanpora begira proiektatzeko ekimenak bideratzen aritu da. Herriko festetan antolaturiko Arrobi tonbola edota traka eta topaketok lantalde horren eskutik etorri dira. Orain falta dena da, kudeaketara eta barne antolaketara begirako erabaki garrantzitsuak hartzea. Batzuk hartu ditugu, baina beste batzuk hartu beharrak daude. Orain arteko Arrobiltzarrak bilera informatiboak izan dira, baina oraingo honetan asmoa dugu erabaki batzuk hartzekoa. Bilera erabakigarria izango da. Izan ere, hurrengo urtea giltzarria izango da. Etorkizunean, proiektu gehiago izango ditugu; herri inauteriak... Eraikina ez dago oraindik baina jada ari gara lankidetzan gauzak antolatzen. Lehen ez zegoen elkarlanetik ari gara lantzen proiektu ezberdinak. Topaketak horren isla dira, ez dago eraikina baina bagaude gu talde bezala. Badatorren proiektu bat da. 

Elkarlana zertan zaizue onuragarria?
Eragileak banaka iritsiko ez ginatekeen puntuetara heldu gara batera. Adibidez, Ziortzan aisialdian enfokatzen gara asko baina izan dugu aukera gazteak kultur eta sormen tailerretan sartzekoa eta aldi berean, lortu dugu gaztetxo hauek Kulturgunera gerturatzea. Bestalde, eragile bakar bat ez zen gai izango bakarrik topaketa hauek antolatzeko. Ikusi dugu gauza askotara iritsi gaitezkeela batera. Giltzarria izan da elkar ezagutzeko aukera izan dugula orohar; nortzuk garen eta zertan ari garen bakoitza. Eragileen arteko batuketa biderkatzailea da, berreketan bihurtzen da. Eragiteko gaitasun askoz gehiago dugu denak elkartuta. Oso pozgarria da tailer bat antolatu eta jendea mugitzen dugula ikustea, gaitasun hori dugu.  Adibide bat emateagatik, aurtengo kultur tailerretan eskaintza handitzea erabaki dugu. Hori eragile batek bakarrik egitea ezinezkoa izango zen. Elkarrekin lan egite hori Kulturgunearentzat bere helburuak betetze bidean ezinbestekoa da; transmisioa, nortzuk etorriko diren, tailer hauek antolatzearena, sormena lantzea eta sormenak norbanako bezala ematen digun hori indartzea, baina baita ere sortzaileok ezagutaraztea herrian. 

Egitasmo honek ere herri honen bizitasuna agerian utzi du? 
Proiektu hau erronka handia da eta zentzu batean errespetu handia ematen digu. Herri inbertsio handia da. Gauzak ondo ateratzea nahi dugu. Bide horretan, eraikina egin aurreko ekintza hauek oso garrantzitsuak dira. 15-17 urteko gazteak adibidez, proiektu hau gertu sentitu edo gutxienez ezagutu behar duten zerbait da. Horretan gabiltza. Aste hasieran Gaztelekuan antolaturiko hitzaldiak helburu horixe zuen. Topaketak aurkeztu genizkien bertan, orain arteko bidea azaltzearekin batera. Hori da helburua, beraiek lotzea proiektuari hasieratik. Haiekin batera, elkargunearen baitako eragileez gain, prozesu honetan aktibatu da eragileotako kide izan gabe egitasmoan sinesten duten herritarren profila, halako ekimenetan parte hartzen dutenena. Kide bat baino gehiago Arrobitxulokoa da, bertako eragile batekoa izan gabe. Herri mailako proiektua da eta denek parte har dezakete. Denok garbi dugu proiektu horrek funtzionatuko duela, baina ardura da eta konpromisoa hartua dugu. Ekimen hauekin guztiokin nahi diogu herriari helarazi, herriak behar duen egitasmo bat dela, baina guk nahi dugu ere jabetzea herritarrek zenbateko ekarpena egin dezakeen halako proiektu batek. Ondo bidean, 2026. urtean ez da urruti izango eraikitzen hasiko diren eguna.

Datozen topaketei begira, zer esan nahi diezue herritarrei?
Animatzeko, topaketetara gerturatzeko, Arrobitxuloren proiektua ezagutu eta ekintzetan parte hartzeko. Parte hartzea sustatzeko eta denok elkartzeko egunak izatea nahi dugu topaketa hauek. Bereziki Arrobiltzarrera gerturatu. Jende profil anitzetara heldu gaitezke egitarau honekin. Gure balioen helburu izanik, ondo pasatzeko egun batzuk izango dira. Denetarik izango dugu.


"Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen"
Abenduak 18 eta 19, osteguna eta ostirala
17:30-19:30
Abenduaren 20ko AztarriTruk berrerabilera eta truke azokarako arropa, liburu edota disko bilketa Sutegiko erakustaretoan. 

Abenduaren 19ra arte
Topaketen baitako hilaren 22ko sorkuntza edota hilaren 24ko talo tailerretan izena emateko aukera helbide honetan: instagram.com/arrobitxulo/

Abenduak 19, ostirala

18:30 San Tomas festa DBHko gazteentzat Askatasuna plazan.

Abenduak 20, larunbata
Frontoian:
11:00 Arrobitxulo badatorrela irudikatzeko mural margoketa auzolanean.
12:00-14:00 AztarriTruk, berrerabilera eta trukea sustatuko duen azoka irekia.
Oharra: azokarako arropa, liburu edota disko bilketa abenduaren 18an eta 19an 17:30-19:30 artean Sutegiko erakustaretoan. 
13:00 Hasiera ekitaldia.  

Abenduak 22, astelehena
17:30 Sormen multitailerrak Potxoenean. Izen-ematea aurrez bideratuko dute. Herritar orok parte hartu ahalko du saiootan:
-"Bineten artean" komikigintza tailerra, Joseba Larratxe "Josevyski"-rekin. 
-"Sortzen" joskintza tailerra Ione Iruretagoienarekin.
-Bertsogintza Lierni Errekondorekin.
18:45 Solasaldi musikatua Ixak Arrutirekin Zumarte Musika Eskolan. Bere musika ibilbidea nolakoa izan den, nolatan eta zergatik hurbildu zen musikara ezagutzeko aukera egongo da. Galderak egiteko aukera izango da. 

Abenduak 23, asteartea
17:00 "Etxerako bidean, elkartasuna eta babesa" Harrera elkartekoen hitzaldia Potxoenean. 

Abenduak 24, asteazkena
11:00 Talo tailerra Usurbilgo talogileen eskutik Usurbilgo frontoian. 
17:30 Aztarrikant frontoitik abiatuta. Baserritarrez jantzita joateko deia.
19:30 Gazte feministen argazkia Dema plazan.

Abenduak 26, ostirala
11:00 Arrobiltzarra erabakiorra eta abenduaren 20an frontoian landutako murala errotzea Udarregi ikastolako erdiko aretoan. 
17:30 Ondoezik Usurbilgo elektrotxaranga taldearekin kalejira frontoitik abiatuta, herrian zehar.

Antolatzailea: Arrobitxulo elkargunea.