Gabonak

Naturako koloreak proiektatuko ditu Iñaki Agirresarobek Sutegin

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 20a

Argazkia: Iñaki Agirresarobe.

Naturako koloreak hizpide hartuta bueltan dator Sutegira aspaldiko partez argazki proiekzio batekin, Iñaki Agirresarobe Arzallus usurbildarra. Abenduaren 23an, iluntzeko 19:00etan, ordu-erdiko saio baten bidez, ikusmenaz gozarazteko moduko saioa prestatu du.

Aurreratzerik bai zer ikusiko dugun?
Ez nekien zer izenburu jarri eta “koloreen bilduma” gisa izendatu nuen. Naturak emandako koloreak ageri dira. Argazki mordoa nuen biltegiratua, urte sasoi ezberdinetan ateratako irudiekin. Horrekin egin dut nahasketa, koloreei garrantzia emanez. Urte sasoi ezberdinetako eta ikuspegietako argazkien bilduma da.

Usurbilen ateratakoak?
Denetarik dago, Euskal Herrian barrena, han eta hemen ateratakoak dira. Herri desberdinetan, leku desberdinetan, urte sasoi ezberdinetan ateratako argazkiak dira; paisaiak, egunsentiak, ilunabarrak...

Argazki horien bila espresuki joan zara edo leku horiek bisitatu ahala irudiok ateratzeko aukera sortu zaizu?
Urteetan ateratako argazkiak dira. Mendira noanean motxilan kamera eramanez gero, ikusi eta ateratzen ditut. Hurrengoan, irudi horren bila joan eta ez da halakorik topatzen; beste batzuetan, aldiz, bai eta berriro itzultzen naiz leku berera. Espresuki ere batzuetan argazkiak egiten ditut. Zer eguraldi dagoen begiratu eta irudi horren bila joaten naiz.

Argazkilaritzan, paisaiak erretratatu zalea zara ezta?
Bai. Hor ibiltzen naiz, goizean goiz esnatu eta ea zer harrapatuko dudan begiratu, horren bila joan eta ateratzen. Izan ere, gaur egunean aurpegiak argazkietan ateratzea nahiko garesti atera daiteke, nahiz herriko jaietako irudi mordoa dudan.

Argazki artxibo handia izanda, nola biltegiratzen duzu irudien eduki osoa eta hortik nola hautatzen dituzu proiekzietarako argazkiak?
Normalean gaika antolatzen dut biltegia. Horietako bat urte sasoiena da eta horren barruan, isladei lotutako karpeta bat dut eta argazkiok bertan jasotzen noa. Hortik, eskema bat egin eta batzuk hautatzen ditut.

Sutegin ikusiko ditugun argazki horiek guztiak urte zehatzetakoak dira?
Ez. Leku beretsuak aterako dira, baina urte desberdinetan ateratako asko. Jendea ez dut gogaitu nahi eta proiekzioaren iraupena kontrolatu nahi izan dut; 30-35 minutu ingurukoa izango da.

Argazkiak jaso bezala, ukiturik egin gabe erakutsi nahi izaten dituzu?
Nik normalean argazkiak ateratzen ditut. Atera bezala asmatzen badut ondo eta bestela horrela uzten ditut. Ukitzen ditut pixka bat kasu batzuetan, tonua edo argi egokia jartzen diet, baina bestelako ukiturik eman gabe. Nire filosofia, argazkiak egiteko unean asmatzearena da. Gaur egun, mordoa atera ditzakezu.

Zerikusirik ez garai analogikoarekin. Bi garaiak ezagutu dituzu.
Klikatu aurretik, karretea amaitzen zenez, ondo pentsatu beharra zegoen. Orain, karreteak erabiltzeko ohitura bueltan dator. Aurrekoan, argazki batzuk inprimatzera joan eta denda batzuetan karreteak salgai dituztela ikusi nuen. Berriz ere ari dira analogikora bueltatzen eta haiek errebelatzen.

Garai analogikoa edo digitala, bietako bat hautatuko zenuke edo bien arteko elkarbizitza sustatzearen aldekoa zara?
Bien alde onak hartzearen aldekoa naiz. Alde batetik, garai analogikoak magia zuen. Argazkiak atera ostean, errebelatzen hasi eta asmatu izana ederra izaten zen. Gaurko egunean argazkia egin bezain laster ikus daiteke irudia bera. Egungo aukera digitalak, aldiz, antsietatea sortzen du batzuetan. Izan ere, argazkiak atera eta gero ezabatu egin behar izaten dira, pilatzen doazelako. Lehen, gehiago pentsatzen zen argazkia atera aurretik. Halere, bi aukerek dituzte gauza onak eta txarrak.

Garai analogikoko argazki bilduma proiektatu zenuen Kalezarko jaien atarian, Pelaioenean. Zer nolako harrera izan zuen?
25 bat lagun etorriko zirela espero eta leporaino bete zen. Pixka bat atzeratu zen ekitaldia, jende gehiago etorri zelako. Azkenean, areto osoa bete zen, 60 bat lagunekin. Denak zer agertuko ikusminez ziren, batzuk espero ez zituzten argazkiak ikusi zituzten. Gehienak San Juan eskekoak ziren. Batzuk hunkituta atera ziren, irudietan agertzen ziren asko gaur egun ez daudelako eta bai, hunkigarria izan zen. Jendea gustura atera zen.

Aurpegiak ageri diren halako proiekzioak egitea zailagoa da gaur egun ezta?
Bai. Gaur egun, atera ahal dituzu baina baimena eskatu behar duzu. Santixabeletan mordoak egina baditut eta muntaketa ere bai. Proiektatuko nituzke, baina zalantza eragiten dizu, zer egin.

Abenduaren 23an Sutegiko proiekziora joan asmo duenari zer esan?
Opor giroan, lasai egonean, argazkigintzaz gozatzeko aukera izango du. Ikusiz gozatzea, hori da helburua, orduerdi batean.

Karrete gehiago izango duzu ziur, beste proiekzioren baterako?
Burutik pasa izan zait. Azkeneko proiekzioa duela 10 bat urte egin nuen. Agian, denbora gehiago utzita egin nezake. Bururatzen zait, Santixabeletakoak egitea agian. Jaien hasieran egiten den girotzeko emanaldiaren harira, prestatua badut emanaldi bat; 80. hamarkadatik 2015era bitartekoa. Muntaketa egina dago. Ideia bat hori izan liteke. Ikusiko da.