Aldaketak Oiardo kiroldegiko ordutegian. Urte berrian barneratzearekin batera, Usurbilgo Udalak iragarri duenez, 96,5 ordu gehiago izango da irekia zerbitzu hau 2026an zehar. Ondorioz, kiroldegiaren ordutegia zabalduko dute. Hobekuntza asteburuetan nabariko da. Izan ere, egun baino ordu eta erdi gehiagoko tartean baliatu ahalko dira udal instalakuntzok.
Lanegunetarako ere beste aldaketa bat iragarri du Udalak. Ordu kopuru berean irekiko dute Oiardo, baina egun baino lehenago ireki eta lehenago itxiko dute iluntzeetan. "Eguneko garaiaren arabera kiroldegiak izaten duen erabiltzaile kopurua izan da erabakia hartzeko arrazoi nagusia", Udaletik azaldu dutenez.
Hain zuzen, "kirol sailak azaldu duenez, 07:00etan irekitzeko orduan jende ilara izaten da. Iluntzeetan, aldiz, 21:00etatik aurrera erabiltzaile abonatu bat edo bi baino ez dira sartzen. “Uste dugu aldaketak jendeari jarduera fisikoa egiten lagundu diezaiokeela lanera joan aurretik, baita ostalaritzan edo merkataritzan lanean aritzen direnei ere, hau da, 25-65 urte bitartekoei”. Hala, ordu-erdi lehenago irekiko da egunero (06:30ean lanegunetan, 08:30ean neguko asteburuetan), eta ordu-erdi lehenago itxiko da lanegunetan, 21:30ean (larunbatetako itxiera ordua orain arteko berdina izango da, 21:30ean)".
Lanegunetako itxiera goiztiarragoak kirol pistan entrenatu ohi dute Usurbil K.E.-ko kideei eragingo die. "Elkartearekin hitz egin ostean, “irteera autonomoa” izatea adostu dute, beste hainbat kiroldegitan egiten den ereduari jarraituz: harrerako langileak kiroldegia ixtean (ordutegi berriaren arabera, 21:30ean), entrenatzen geldituko lirateke taldeak, gehienez ere 22:00 arte, eta argiak itzali beharko lituzkete alde egiterakoan. Alarma, ohiko ordutegian egongo da programatuta".
Eskubaloi taldeen bilguneari dagokionean, Udaletik gaineratu dutenez, "KE-k ordutegiak egokitzeko eskaera ere egina dio udalari, asteburuetako partidak uztartzeko arazoak tarteko. Kirol sailaren esanetan, ezin izaten dituzte egoki uztartu, “partida gehiegi daudelako kiroldegiak duen ordutegirako”. Horrek bultzatu du, batik bat, igandeetako itxiera ordua ikasturtean zehar ordu eta erdiz atzeratzea".
Oiardo kiroldegiaren 2026ko egutegia
Ordutegia:
Urtarrila-ekaina/iraila-abendua:
-Lanegunetan: 6:30-21:30.
-Larunbatetan: 8:30-21:30.
-Igande eta jaiegunetan: 8:30-14:30.
Uztaila-abuztua:
-Lanegunetan: 7:00-20:15.
-Larunbatetan: 9:00-13:00.
-Igande eta jaiegunetan: 9:00-13:00.
Itxiera egunak:
-Urtarrila: 1, 6.
-Maiatza: 1.
-Uztaila: 2.
-Abuztua: 1-16.
-Abendua: 24, 25, 31.
2026ko egutegi osoa, hemen ikusgai: usurbil.eus
Eskertza
Udalak hartutako erabaki horren harira (igandeetan ordutegia zabaltzea) eskertza mezua helarazi du Usurbil Kirol Elkarteak eskubaloi taldeen bilgunetik eginiko eskaera aintzakotzat hartu izanagatik.
"Usurbilgo Udalari, denboraldi honetan bereziki, eskubaloi pistaren erabilera beharra igandeetan asko handitu dela ikusarazi zaio, eta 2025ean indarrean izan dugun ordutegiak zer-nolako mugak zekartzan (bereziki Usurbil Kirol Elkarteko eskubaloi taldeei, baita boleibolari ere)", azaldu dute Usurbil K.E.-tik.
Elkarteak Udalari eskaera helarazi zionetik, "adierazi ziguten Oiardo Kiroldegiaren ordutegia osotasunean hartuko zutela erabakia hartzeko garaian, ez gure eskaera bakarrik, eta denon hobe beharrez eta Udal baliabideen kudeaketa optimizatze aldera, erantzukizunak partekatzea planteatuko zigutela. Hala izan da".
Izan ere, Usurbil K.E.-tik gogorarazi dutenez, "Kirol Sailaren datuen arabera, gau partetan astetartean erabiltzaileak asko murrizten dira eta goizean goiz eskaera handiagoa omen dago. Igandean ere gure taldeek zein beste erabiltzaileek behar gehiago dituztela ez da zalantzan jarri, eta horren baitan, igandean luzatzea onartu bai, baina astetartean gure taldeek ardura estra bat izango dute".
Erantzukin horri begira, "orain gure taldeetako ordezkariek kiroldegia ondo ixtea bermatu beharko dute. Guri dagokigu, eta gure jendeari dagokio, "ardura" gisa ulertzea erantzukizun hau eta ez "zama" gisa. Hala bada, denok, Usurbil Kirol Elkartea osatzen dugunok zein kiroldegiko abonodunak, aterako gara garaile".