Udal liburutegiak antolaturiko aurtengo sorta hamalau lanez osaturikoa duzue; tartean dira, musika arloko sorkuntza lanak, liburuak, baita agenda eta egutegi bana ere.
Sorkuntza lanen artean bi izen nabarmentzekoak; Yolanda Arrieta eta Jakoba Errekondo. Berriki, Rikardo Arregi kazetaritza sarien Ohorezko Mugarria jasotako agronomo eta paisaia antolatzaileak 2026rako ilargiaren egutegia osatu du. “Bertan azaltzen dira hosto, fruitu, sustrai, lore egunak, baita lanerako egun desegokiak ere”. Errekondok urtean zehar “baratze, fruitu arbola, lorategi eta basoko lanak” jasok ditu, ilargien zikloak, baita urtero bakoitzeko tenporak ere. Biolur elkarteak abeltzaintza lanak azaldu ditu. Maria Thunen egutegi biodinamikoarekin osatua dago.
Horrekin batera, urte berrirako “ilargia eta landareak” urteoko lanen agenda ere landu du bederatzigarren urtez Errekondok. Antton Olariagak diseinaturikoak dira azala eta barruko edukia. Fruitu arbolak izango ditu argitalpenak urteko gai gisa. “Ilargiaren araberako urte guztiko lanak, astero nola egin baratzean, fruitu arboletan, lorategian eta basoan” azaltzen du.
Yolanda Arrietarenak dira aurtengo argitalpen gehienak. Urte oparoa izan du idazle herrikideak. Batetik, berriki NOAUA! Kultur Elkartearekin batera argitaraturiko Pox, Mox eta Trumoi argitalpena dago, Ane Arzelusen ilustrazioekin batera plazaraturikoa.
“Memoria berriak: entsegu grafiko bat, idazketa sortzailearen alde” izenekoa da bere beste argitalpena. Aurretik bertan eginiko idazketa tailerretan oinarritutako sorkuntza lana da honakoa, Udalaren laguntza jaso duena. Iragan ostiralean liburutegian bertan aurkezturikoa duzue hirugarrena; duela 30 urteko bere sorkuntzaren berrargitalpena den “jostorratza eta haria”. Azkenik, “Zurtz” bere azken lana.
Yolanda Arrietari eta Joseba Tapiari lotuta, Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak "Kultura eta ezkultura: 16 lekuko eskarmentuko" liburua argitaratu dute. Haietako bi lekukotza, Arrietarenak eta Tapiarenak dira.
“Herri zaintzailea helburu”
Liburu bilduma horri erantsi diote Sutegikoek baita, iaz Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan saritu zuten Amagoia Mujika Gara egunkariko kazetari eta NOAUA! K.E.-ren langile ohiaren “Azazkalak” idazlana ere. Iazko urrian jaso zuen saria, baina udazken honetan kaleratu dute txapelketa horretako 2023ko eta 2024ko edizioetako idazlan sarituen bilduma.
Usurbilgo udalerria kide duen Udalbiltza partzuergoak kaleraturiko “Herri zaintzailea helburu: eraldaketarako gakoak” izenekoa ere jaso du udal liburutegiak bilduma horretan. Udalbiltzak, Emaginen eta aditu mahai baten laguntzaz, herrietan zaintza sistema eraldatzeko gakoak biltzen dituen liburuxka da. Bertan, besteak beste, Usurbilgo alkatearen hausnarketa dago.
Beste kolaboratzaile herrikide baten lana ere Sutegiko bilduman aurkitu ahalko duzue. Izan ere, “56ko belaunaldiaren lorratza euskal pentsamenduan” izeneko argitalpenean Iñaki Zabaleta Gorrotxategik kolaboratu baitu.
Lau musika lan
Liburu artean, musika lanak baita; aurtengoan, guztira lau. Batetik Joseba Tapia eta Koldo Izagirreren “Mister Eleizegi”. Izan Bai talde osatu berriak urte hasieran plazaratu zuen bere estreinako lana eta Aginagako Eliza Zaharrean eskaini zuen haien aurkezpen kontzertua. “Denok gara etsai” izenekoa da Viafararen lan berriena. Hori ere bilduma horretan dago. Azkenik, urrian Sutegin aurkezpen kontzertu batekin eman zuen ezagutzera “Ahaldatu” izeneko diska Mihisek. Urtarrilaren 7ra arte Sutegiko erakusleihoan izango da ikusgai, gainerako sorkuntza lanekin batera.