Atzerako kontaketa betean gara. Badatoz Mari Domingi eta Olentzero gure artera. Abenduaren 24an iritsiko dira, kalejiran, “galtzagorri, joaldun, adar-jole eta trikitilarien laguntzarekin. Haurrak agurtu, haien nahi eta eskaerak entzun, eta mendira itzuliko dira gauean etxe guztietara iritsi ahal izateko”. Eskaerak aipatuta, gogoan izan, Mari Domingiri eta Olentzerori zuzenduriko gutunok biltzeko postontziak jarriak daudela ohiko tokietan; albiste honi atxikitako irudikoa, esaterako, Sutegi udal liburutegian duzue. Datorren aste hasierara arte, bi pertsonaiak gure artera heldu arte izango da gutunon bilketa.
Abenduaren 23an eta 24an helduko dira Mari Domingi eta Olentzero gure artera:
Mari Domingiren eta Olentzeroren bisitak
Abenduak 23, asteartea
18:00 Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Aginagako Eliza Zaharrera.
Zehaztasunak: "Menditik jaitsiko da Olentzero eta Eliza Zaharrean bukatuko du ibilbidetxoa. Bertan, eskutitza emateko aukerarekin batera, gaztainak banatuko dira euskal gabon kantekin girotuz".
Abenduak 24, asteazkena
17:30 Kalezarko Egurtzegi paretik kalejira. Ibilbidea: Kalezar, Aliprox ondoko biribilgunea, Mikel Laboa plaza, Dema plaza.
Oharra: adi, eguraldiak kalejiraren noranzkoa, ibilbidea bera aldarazi dezake, iaz gertatu zen moduan.
Zehaztasunak: “Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira Galtzagorriek bihurrikeriaren bat egingo dute Mikel Laboa plazan eta ondoren, dema plazan nahi duenak Olentzero eta Mari Domingirekin argazkia ateratzeko aukera izango du”, iragarri dute antolatzaileek. Prestaketa lanetan aritu dira lankidetzan Udala, hainbat herritar eta eragile".
18:00 Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera Santueneara.
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.