NOAUA! Kultur Elkarteak Bikain ziurtagiria jaso du

Erredakzioa 2025eko abenduaren 17a

Eusko Jaurlaritzak euskararen erabileraren aitortza ekitaldia egin zuen atzo Gasteizko Europa Jauregian. Bertan, erakunde publikoek zein pribatuek euskararen kudeaketan eta garapenean eman dituzten aurrerapausoak aitortu ziren. Guztira 75 entitate saritu dituzte, tartean, NOAUA! Kultur Elkartea. 

Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordearekin batera, Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejeria; Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua, Nerea Melgosa; Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, Sonia Rodriguez eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, Joseba Lozano batu ziren Europa jauregian, beste erakundeetako hainbat ordezkarien artean.

Aurtengoa ekitaldia hirugarrena izan da 2023ko ekainean  erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen dekretua onartu zenetik. Dekretu berri horrek “Bikain” kalitate ziurtagiriak arautzen zituen dekretua ordezkatu zuen eta ondorioz, Bikain ziurtagiriez gain, beste bereizgarri eta aitortza batzuk ere banatzen dira, hala nola, Harrobi diplomak. Helburua euskararen normalizaziorako pausoak egiten dituzten ahalik eta entitate gehienen aitortza egitea da euskararen normalizazioa erakunde gehiagotara heltzeko apustua eginez.

Bere hitzartzean, Hizkuntza Politika sailburuordeak, Aitor Aldasorok, erakunde publiko zein pribatuen konpromisoa eta lana azpimarratu zituen: “Garbi dugu euskara gure bizitzako arlo guztietara zabaltzea dela gure helburua. Bide horretan, lan-eremuan euskararen erabilera handitzea lehentasunezkoa eta estrategikoa izango da eta LANERA proiektuaren bidez zein Bikain eta Harrobi ziurtagiri hauen bidez, bide horretan aurrerapausoak ematen jarraituko dugu”.

Aitor Aldasororen hitzaldia ondoko bideoan entzun daiteke.

Aitortza

Aurten guztira 75 entitate publiko eta pribatuk jaso dute ziurtagiria. Iaz 44 izan ziren. Harrobi ziurtagiria jaso zuten entitateak 7 izan ziren. Oinarrizko Bikain ziurtagiria, 9 entitatek;  Erdi-mailako Bikain ziurtagiria 11 entitatek eta Goi mailako Bikain ziurtagiria 26k. Azken kategoria honetan da NOAUA! Kultur Elkartea. Alaitz Aizpurua NOAUA!ko dinamizatzaileak eta kudeatzaileak jaso zuen saria.

Informazio iturria: irekia.eus