Gabonak

Oparietarako kontuan hartzeko gida, Euskarazko Produktuen Katalogoa

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 18a

Urteroko Euskarako Produktuen Katalogoaren 700 ale jaso eta banatu du egitasmo honen sustatzaileetako bat den Usurbilgo Udalak 0-16 urte arteko usurbildarren artean eta liburu-dendetan.

Estrategikotzat jotzen dute argitalpen honen hedatzea, euskara biziberritzeko. 1998an jarri zuten martxan egitasmo hau estreinakoz Nafarroako zenbait udalek. Ordutik lankidetza zabaldu eta egun, “Euskal Herri osoko 115 toki-entitate dira parte hartzen dutenak, 200 udaletik gora guztira”; aipatu moduan, Usurbilgoa dago tartean.

Paperean eskaintza zabala biltzen duten arren, edizio elektronikoan, katalogoa.eus atarian produktu sorta osoa kontsulta daiteke. Argitaletxeetara zuzenean jotzeko loturak ditu. “Maiztasunez eguneratzen da, eta urtean zehar argitaratzen diren produktuak kontsultatzeko aukera ematen du”. Baliabide honek 16 urte artekoei zuzenduriko euskarazko produktuak biltzen ditu, zortzi ataleko sailkapenean: aldizkariak, musika, liburuak, komikiak, informatika, jostailu eta jokoak, filmak, eta gurasoentzako materiala. “Gainera, hainbat produkturen erreferentzia zehatza ere ematen da: produktuaren izena eta irudia, egilea, adin-tartea, argitaletxea, eta gutxi gorabeherako prezioa”, Udaletik jakinarazi dutenez. Euskal Herrian aipatu katalogoaren 100.000 aletik gora banatzen dituzte.

Egitasmo honen sustatzaileen esanetan, katalogoaren bidez bultzatu nahi den euskarazko produktuen kontsumoak hizkuntza-gaitasuna sendotzen du, ohitura linguistikoak sortu, identitatea eta motibazioa indartzen ditu, merkatu baten existentzia ziurtatzen du, euskararen biziberritzea bermatzen laguntzen du edota eredugarritasuna eta erreferenteak eskaintzen ditu.