BABESTUTAKO EDUKIA

Elkartegintzaren erronkei aurre egiteko, eredu berrietara jauzi egiteko unea da

Erredakzioa 2025eko abenduaren 18a

Egoeraren diagnosia egiten eta bide berriak aztertzen ari da Elkarteen Foroa.

Koro Muro Arriet eta Asier Zinkunegi Larrea. Eusko Ikaskuntza Fundazioko eta Dar- dar Gizarte Ekimen Kooperatibako ordezkariak dira, hurrenez hurren, eta Elkarteen Foroko kideak biak: herritarren partaidetza bultzatzen duten lurraldeko elkarteen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzako Zerbitzuaren arteko topagune eta elkarlanerako guneko kide, alegia. Badira urte batzuk bertan dihardutela, gizarteari gehigarri bat eskaintzen diola oharturik. "Jabetu ginen administrazioa eta gu garai batean mahaiaren alde banatan kokatzen baginen ere, posible zela alde berean ipintzea eta elkarrekin lan egitea, gizarteari begira", adierazi du Zinkunegik. Kulturaren esparrutik datozen eragileak, gizarte-politikan dabiltzanak... askotariko eragileak daude Elkarteen Foroan –40 bat guztira– eta, horien baturari administrazio publikoa gehituta, espazio oso aberasgarria sortzen dela erantsi du. "Aberasgarria, bai", berretsi du Murok, eta existitzen zirenik ere ez zekiten hainbat elkarte ezagutzeko balio izan diela gehitu du.

 

Baldintzak aldatzen

Produkziora bideratutako gizarte batean bizi garela diote, sekulako abiaduran goazela, eta denbora eta energia oso gutxi geratzen zaizkigula gizarte arazo ezberdinetan inplikatzeko. Biak bat datoz: "Duela 50 urteko ereduetatik eredu berrietara egiteko unea da". Egungo gazteek beste ohitura batzuk dituztela dio Murok, eta horietara egokitu behar dugula: "Elkarteetan belaunaldi aldaketa gerta dadin, ezinbestekoa da gazteak erakartzea, eta gaur egungo gazteek ez dituzte epe luzeko konpromisoak onartzen. Agian, epe motzeko edo puntualak diren ekimenetara jo behar dugu". Guztiz ados azaldu da Zinkunegi: "Askotan dudan sentsazioa da nahi dugula jendeak parte hartzea, baina guk nahi dugunean, guk nahi dugun bezala, guk nahi dugun hizkuntzan, guk nahi dugun... eta ahazten zaigu eurek nahi izan behar dutela, eta eskubidea dutela eurek nahi duten hori emateko, eta ez guk eskatzen dieguna. Elkartegintzan ikasi beharko genuke gehiago entzuten erabiltzaile edo bazkide potentzial horiei".

 

Exijentzia burokratikoak

Errelebo premia ez ezik, beste erronka bat ere mahaigaineratu dute: administrazioarekiko betebeharrak erraztekoa: "Gaur egun, edozer gauzetarako, txosten bat aurkeztu behar duzu, baliabide digitalak oso ondo erabili... eta guk sumatzen dugu gure ingurunean dauden hainbat eta hainbat elkartek arazoak dituztela administrazioaren eskaerak betetzeko garaian".

Sinergien bila

Gipuzkoa eta Euskal Herria, oro har, elkartegintzan aberatsak direla dio Murok, baina, elkarren arteko ezezagutzaren ondorioz, hainbatetan, gauza beretan aritzen direla, eta horrek duplikazioak ekartzen dituela sinergiak lortu beharrean. Ildo horretatik, Zinkunegik gaineratu du administrazioek aztertu behar dutela eremu bakoitzean zein elkarte dauden, zer egiten eta zertarako, eta saiatu behar dutela, batetik, elkarte horiei errekonozimendua eskaintzen egiten dutenarengatik, eta, aldi berean, harago joaten nola lagundu diezaieketen aztertzen. "Azken batean, elkarteak sortzen dira administrazioak asebetetzen ez dituen behar batzuk asebetetzeko, eta uste dut administrazioari, batzuetan, ahaztu egiten zaiola hori", azaldu du.

 

Elkartiri eta Prest
Norabide horretan ari dira lanean Elkarteen Forotik. Elkartiri egitasmoaren baitan sortutako ikus-entzunezkoaren bitartez, herritarrak sentsibilizatu gura dituzte eta elkarterik gabeko herri bat nolakoa izango litzatekeen hausnartzera bideratu – "grisa eta hotza", Zinkunegiren hitzetan–. Eta Prest ekimenen bitartez, bestetik, udaletara bideratutako esperientzia pilotu bat jarri dute martxan, elkartegintza ikusarazi, aitortu eta lankidetza sustatzeko. Tolosan egin dute oraingoz, eta, datorren urtera begira, beste herri batzuetan ere inplementatzea da asmoa; hori eta herritarrak elkarteetan parte hartzera animatzea: "Denok gara beharrezkoak", adierazi dute.