Gabonak

Gabonei abestuz plazaratuko dira gaur Udarregi ikastolakoak

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 19a

Kalez kale kantuan plazaratuko dira ostiral honetan, abenduaren 19an, Udarregi ikastolakoak, oporretara joan aurretik. Gabon giroa plazaratuko dute herri erdigunera eta Kalezarrera.

Irailean hasitako 2025-26 ikasturteko lehen hiruhilekoak berea egin du. Udarregi ikastolakoak, ostiral honetan, abenduaren 19an murgilduko dira bi aste pasatxoko oporraldi giroan. Izan ere, urtarrilaren 8an itzuliko dira ikasgeletara.

Ohi bezala, azken egun hau, ezohikoa izango dute; kantu giroan joango zaie ostiral goiz hau, hilaren 19koa. Izan ere, hiru saio antolatu ditu ikastolak, NOAUA!-ri aditzera eman diotenez. "Euskal ohiturekin jarraituz, gabon kantak abestera irtengo dira Udarregi ikastolako ikasle guztiak hiru taldeetan banatuta".

Urtero moduan, zikloka antolatuko dituzte ibiltariak izango diren hitzorduok. Bakoitzak bere ibilbidea egingo du, herrian barrena. "Gerturatzen zareten guztioi gonbita hauxe bidaltzen dizue ikastolatik: mugikorra albo batera utzi, gozatu une hori eta animatu elkarrekin abestera! Horra! Horra...!!!".

Euria iragarria dagoenez, euria egiten badu, kalejiren ibilbideetan aldaketak egon daitezke. Esaterako, Haur Hezkuntzakoek iragarria dute, euria egingo balu, ikastolako frontoian abestuko dutela, ez Mikel Laboa plazan. LH-koen kasuan, "euri gutxi egingo balu, aterkiekin" atera asmo dute.

Kantuaz gain, txistor jana iragarria dute goizean zehar ikastolan.

Hona hemen, iragarri dituzten hitzorduen berri:

Udarregikoen kantu saioak
Abenduak 19, ostirala
09:30
LH-koen abiatzea ikastolatik. Geltokiok izango ditu kalejirak: San Inazio eta Alperro-buru kaleek bat egin duten gunean, udaletxe aurrean, frontoian, Sagardo plazan, Bordatxo pareko biribilgunean...
10:00 DBHkoen abiatzea ikastolatik. Geltokiok izango ditu kalejirak, musika tresnen laguntzaz: Mikel Laboa plaza, Artzabal eta Egurtzegi.
11:45ak aldera, HHkoak irtengo dira ikastolatik. Mikel Laboa plazako Olentzerori eta Mari Domingiri abestuko diote.

Antolatzailea: Udarregi ikastola.