Gabonak

Aterkipean, kantu giro ederrean plazaratu dira Udarregi ikastolakoak

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 19a

LH eta DBH-koek aurreikusitako kantu jira ibiltariekin plazaratu dira Udarregikoak, negu hasierako oporraldian murgildu aurreko azken ostiral goiz honetan.

Negu giro beteko ostiral goiz honen aurrean, kantuan aritzea alternatiba ederrenetarikoan bilakarazi dute Udarregi ikastolakoek. Ostiral honetakoa, abenduaren 19koa zuten, 2025-26 ikasturteko lehen hiruhileko azken klase eguna eta, nola ez, urteroko ohitura berritu dute. Kantuan plazaratu dira zikloka.

LH-koak izan dira goiztiarrenak, 9:30an jota irten dira Agerialde paretik, Jaione Eskudero eta bere kitarra buru izan duen jiran. Atxegaldetik barrena, udaletxera eta handik Askatasuna plaza zeharkatuta, Sagardo plazara joan dira. Ordu-erdi geroago abiatu dira eraikin gorritik DBH-koak. Ikasle trikitilari eta panderojoleak buru zituen birak Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune Egurtzegi izan du helmuga; aurretik, Artzabal eta gaurko hitzorduan aterpe nagusian bilakarazi duten frontoia.

Pilotalekua izan da hain zuzen, LH eta DBH-koen kantu saioetako geraleku nagusia. Bertan, nahiz bidean zehar eginiko gainerako geldialdietan, gabon garaiko euskal kantutegiari errepaso ederra eman diote, saiootara gerturatu diren senide eta lagunen aurrean.

Txistor jan ederrarekin, badoaz Udarregi ikastolakoak ere merezitako negu hasierako oporraldira. Urtarrilaren 8an itzuliko dira ikasgeletara.