Gabonak

Hurbilago San Silbestre herri lasterketan online izena emateko azken astea

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 22a

Abenduaren 26ra arte eman ahalko da izena telematikoki Hurbilago elkartearen abenduaren 31ko ekimenerako. Bestela, egunean bertan ere presentzialki apuntatzeko aukera izango duzue.

Tipi-tapa nork bere erritmora, urtea herri merkataritzaren eta ostalaritzaren alde korrika eginez agurtu ahalko du beste behin, Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketaren bidez. Abenduaren 31ko ekimenean izena emateko azken astea duzue. Telematikoki bideratu ahalko duzue izen-ematea, antolatzaileek gertuago.eus atarian zintzilikaturiko estekaren bidez.

Abenduaren 26ko goizeko 9:00ak arte eman ahalko duzue izena helbide horretan. Hortik aurrera, apuntatu nahi baduzue lasterketa egunera arte itxaron beharko duzue. Izan ere, Hurbilago elkartetik jakinarazi dutenez, hilaren 31n 16:00-16:30 artean ere frontoian bertan presentzialki izena emateko aukera egongo da.

Tramite hau egitea ezinbestekoa izango da, lasterketa amaieran egingo diren sarien zozketan parte hartu ahal izateko.

Azken urteotan ugaritu dira lasterkarien artean mozorrotu izan direnak. Antolatzaileek jakianarazi dutenez, mozorro onenak ere saria jasoko du.

Urteko azken lasterketa, abenduaren 31n, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da frontoitik.


Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa
Abenduaren 26ra arte
09:00ak arte,
Hurbilago San Silbestre herri lasterketarako izena gertuago.eus atarian emateko aukera.

Abenduak 31, asteazkena
16:00-16:30 Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketarako presentzialki izena emateko aukera frontoian.
17:00
Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa frontoitik.
Amaieran, oparien zozketa.

Antolatzailea: Hurbilago elkartea.