Arrobitxulo

"Eraikuntza makinak lanean hasi aurretik, Arrobitxulo eraikitzen hasi behar dugu"

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 20a

Abiatu dira ofizialki, "Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketak, kultur eragileak, aisialdikoak, gazte mugimendua edota hainbat norbanako batzen dituen elkargunearen eskutik. Larunbat eguerdi honetan, abenduaren 20an egin dute hilaren 26ra arte iragarritako ekintzen zikloaren aurkezpena Usurbilgo frontoian.

Tartean, noski, topaketa hauen nondik norakoak azaldu dituzte. Urte garai honekin batera, jakinarazi dutenez, "guretzat berriz ere geroa gaurdanik eraikitzeko momentua" da.

Bost urteko bidea egin dela gogorarazi dute. "2020. urtean Aztarrika gazte asanblada gaztetxe baten beharra hasi zenetik pasa da denbora pixka bat. Gaur, bost urte pasata hemen gaude, Aztarrika, Ziortza, Kulturgunea, Gaztelekua eta beste hainbat norbanako, gaztetasuna bizi eta antolatzeko leku baten bila; kultura egiteko eta sentitzeko aterpe baten bila; astialdiaz gozatzeko leku baten bila".

Bilaketa horretan, oroitarazi dutenez, "hamaika bilera, eztabaida eta zalantza, hamaika galdera, beldur eta ardura. Herria eraldatzeko nahia, etorkizun berri bati eusteko grina eta sugarra. Lana egin dugu erruz eta lan horren guztiaren ondoren, hemen gaude, bidearen zati handi bat eginda, baina beste zati garrantzitsu bat egiteke".

"Izenaren urtea"
Amaitzear dugun 2025aren balantzea plazaratu dute, Arrobitxuloren egitasmoari dagokiona hain zuzen. "Aurtengoa, zalantzarik gabe, guretzat, Arrobitxulo izenaren urtea izan da. Elkarguneari izena jarri eta proiektua herriari aurkeztu genion urte hasieran egin genuen aurkezpen eder hartan. Ordutik izan dira Arrobilerak, Arrobiltzarrak, Arrotonbolak eta Arrobiekintzak. Bidean gabiltza, beraz, harrobidean".

Amaitzear dugun urte honetan, elkargunearen baitan, bi lan-ildoren bueltan egituratu dute lantaldea. "Bata barrura begirakoa, Arrobitxulok izango duen izaera juridikoa, kudeaketa eta barne antolaketaren inguruan, formatzen eta eztabaidatzen aritu dena  eta, bestetik, Arrobitxulo osatzen dugun eragileen arteko sinergiak estutzen eta proiektua Usurbilen gizarteratzen aritu dena, Arrobiekintzen lantaldea. Lantalde honen ardura izan da, besteak beste, "Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketa hauek antolatzea, lehengo urteko filosofia berari jarraituz".

Batasuna ardatz
2026ra begira ere jarri dira jada, erronka argi batekin; "Udarregi pareko belardian eraikuntza makinak lanean hasi aurretik, Arrobitxulo eraikitzen hasi behar dugu, proiektuan parte hartzen dugun eragileok, proiektura gerturatu diren norbanakoekin eta etorkizunean batuko direnekin". Izan ere, "gaztetasuna, kultura eta astialdia lantzeko eta egiteko beste modu bat badagoela aldarrikatuz, elkarrekin indarrak batuz lortu nahi ditugun aldaketa horiek eraginkorragoak eta iraunkorragoak izango direlako".

Lankidetza horretan, "batasun horretan oinarritu behar da Arrobitxulo, Usurbilgo eragileen eta norbanakoon batasunean, herritarron batasunean, proiektu anitza eta eraldatzailea baita, irekia eta bere ideiak argi dituena".

Izaera horren ispilu izatea nahi dute egunotarako antolatu dituzten topaketak. "Aniztasuna zutabe, gaztetasuna, kultura eta astialdia erdigunean" izango dute egunotako ekintzok.