"Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketak abian dira ofizialki. Larunbat honetan, abenduaren 20an aurkeztu dituzte izen bereko elkargunean batutako eragile eta norbanakoek, Usurbilgo frontoian eguerdi partean eginiko ekitaldian. Gogorarazi dutenez, "Arrobitxulo martxan da, bidean gara, harrobidean, bide luzea eginda, baina oraindik tarte polita egiteke. Gero bat gaurdanik eraikitzen, elkarrekin".
Besteak beste, nola ez, hilaren 26ra arte luzatuko den zikloko egitaraua plazaratu dute. "Egitarau anitza eta osatua, gaztetasunez, astialdiz eta kulturaz blaitua, herritar guztiei eskainia", dakartela aurreratu dute.
Ekimen astea
Abiatze ofiziala gaur izan arren, izatez astelehenean, hilaren 15ean ekin zieten topaketa hauei, "(H)arrobidean izeneko hitzaldiarekin. Gaztelekuan izan ziren Arrobitxuloko bi kide herriko nerabeei proiektua aurkezten. Interes handiz jarraitu zuten, bertako protagonista nabarmenak izango direnek". Izan ere, Gaztelekua Arrobitxulo elkargunea sustatzen ari den eragileetako bat da. Beste eragileetako bat, Ziortza. Urtero egin ohi duen, San Tomas festan bildu zituen ostiral iluntzean Askatasuna plazan, DBH-ko gazteak.
Larunbat honetako irekiera ekitaldiaren ondotik, astelehenetik ostiralera ia egunero ekintzaren bat programatu dute Arrobitxulokoek. Aste berriari ekiteko, hilaren 22an, sormen tailerrak, herrikide sortzaileekin. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "50 herritarrek eman dute izena". Astelehenekoa, honenbestez, "kultur sormenak eta gure kultur sortzaileak erdigunean jartzeko egun berezia izango da".
Biharamunean, gogora ekarri duten moduan, "euskal preso politikoen afera oraindik konpondu gabe dagoen honetan" Harrera elkartekoen hitzaldia programatu dute Potxoenean, "garrantzitsua baita guretzat, errealitate anker horren berri ematen jarraitzea".
Hitzordu hirukoitza hilaren 24rako. Egunari ekiteko, iaz "arrakasta itzela izan zuen talo tailerra izango dugu". Izen-emateak zabalik jarraitzen duela gogorarazi dute. Asteazken arratsaldean, bestalde, "AztarriKantekin zintzurra berotu eta euskal doinuak aireratzeko parada izango dugu eta, tartean, gazte feministen argazkia aterako da".
Abenduaren 26a izango da topaketen azken eguna. "Garrantzia berezia eman nahi diogu azken egunari", nabarmendu dute. Izan ere, "goizean Arrobiltzarra burutuko dugu Udarregin. Bertan, aurten Arrobitxuloko talde motorrak landutakoen berri emango du; proiektu definitiboa erakutsi eta erabaki potolo bat edo beste hartu beharko da". Eta segidan, "margotu berri dugun kartel zoragarri hori Arrobitxulon egongo den zelaian errotuko dugu, Arrobitxuloren aurrekari bezala, Arrobitxulo jada bidean, martxan dagoela aldarrikatzeko".
Festa giroan agurtu nahi dute ziklo hau. "Ondoezik elektrotxaranga izango dugu herriko kaleak astintzen, Usurbilek zutik kulturaz gozatzeko areto bat izango duela ospatuz".
"Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen"
Abenduak 22, astelehena
17:30 Sormen multitailerrak Potxoenean. Izen-ematea aurrez bideratuko dute. Herritar orok parte hartu ahalko du saiootan:
-"Bineten artean" komikigintza tailerra, Joseba Larratxe "Josevyski"-rekin.
-"Sortzen" joskintza tailerra Ione Iruretagoienarekin.
-Bertsogintza Lierni Errekondorekin.
18:45 Solasaldi musikatua Ixak Arrutirekin Zumarte Musika Eskolan. Bere musika ibilbidea nolakoa izan den, nolatan eta zergatik hurbildu zen musikara ezagutzeko aukera egongo da. Galderak egiteko aukera izango da.
Abenduak 23, asteartea
17:00 "Etxerako bidean, elkartasuna eta babesa" Harrera elkartekoen hitzaldia Potxoenean.
Abenduak 24, asteazkena
11:00 Talo tailerra Usurbilgo talogileen eskutik Usurbilgo frontoian.
17:30 Aztarrikant frontoitik abiatuta. Baserritarrez jantzita joateko deia.
19:30 Gazte feministen argazkia Dema plazan.
Abenduak 26, ostirala
11:00 Arrobiltzarra erabakiorra eta abenduaren 20an frontoian landutako murala errotzea Udarregi ikastolako erdiko aretoan.
17:30 Ondoezik Usurbilgo elektrotxaranga taldearekin kalejira frontoitik abiatuta, herrian zehar.
Antolatzailea: Arrobitxulo elkargunea.