Arrobitxulo

"Arrobitxulon sortu dezagun beste gero bat gaurdanik"

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 20a

"Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketak abiatu dituzte ofizialki larunbat honetan, abenduaren 20an Usurbilgo frontoian egindako aurkezpenarekin. Unea musikatzeaz arduratu da herrikide sortzaile talde bat.

Arrobitxulo Elkargunea badatorrela, egitasmoa une erabakigarrian barneratzera doala iragartzen duten "Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketei ekin diete hasiera ekitaldi ofizialarekin larunbat honetan, abenduaren 20an Usurbilgo frontoian. Ziklo honi buruzko argibideak eskaini dituzte antolatzaileek.

Hitzordua musikatzeaz ere arduratu dira. Arrobitxulori errezitatu diote edota koplatan aritu zaizkie, albiste honi atxikitako bideoetan ikus eta entzun ahalko duzuen moduan. Segidan, errezitaldi nahiz koplen bidez plazaraturiko hitzak.

Agirre anaiak aritu dira zereginotan, Usurbilgo musikari eta abeslari gehiagorekin batera. Ugaitz errezitatzen aritu da, Aitor koplatan:

Zulo txiki bat
Txulotxo bat txulo
Zomorroen gordeleku edo
lore hazien sosegu ote?
Zulo txiki bat.
Txulotxo bat txulo
Goxo, samur, xume, artez
atzo joana da,
gaur jantzi biharrez.

Harriari kolpez ta kolpez
mailu eta zintzel.
Harginen kabi
harro egoteko harrobi.
Lehen harria oinarria
segurta dadin ongi,
ustekabean
eroriko dela
esan ez diezagun Txirritak.


KOPLAK: "Gero bat gaurdanik"
Berriro ere negu berria
gainean dugu jadanik
Beldur txikiak, zalantzak eta
beste inbertsio planik
Identitate beharrak jota
ez leku ta ez izenik
Eredu berri, eraldatzaile
eta anitza izanik
Arrobitxulon sortu dezagun
beste gero bat gaurdanik

Proiektu berri honi herriak
ematen dio baimenik
Ezta faltako eztabaidarik
Ezta faltako sormenik
Ezta faltako aulki jokorik
ta ezta faltako janik
Eredu berri, eraldatzaile
eta anitza izanik
Arrobitxulon sortu dezagun
beste gero bat gaurdanik

Arrobiltzarrak, arrotonbolak
ta arrobiaurkezpenik
Arrobiekintzak, arrobilerak
topaketak bigarrenik
Harro egoteko ez da mugarik
gozatzeko ez adinik
Eredu berri, eraldatzaile
eta anitza izanik
Arrobitxulon sortu dezagun
beste gero bat gaurdanik

Nahiz hala uste ezin da pentsa
hemen erdi lo gaudenik
Zalantza denak uxatu arte
ezta faltako kemenik
Nola herriak bere aterpe
berria behar duenik
Eredu berri, eraldatzaile
eta anitza izanik
Arrobitxulon sortu dezagun
beste gero bat gaurdanik