Arrobitxulo

Berrerabilera sustatu du Aztarritruk ekimenak

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 20a

AztarriTruk ekimenarekin girotu dute larunbat honetako, abenduaren 20ko "Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketen hasiera.

Nahieran hartu eta etxeratzeko moduan jarri dute, nork bere buruari edo ingurukoren bati oparitzeko aukera eskaini dute. "Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketei hasiera ofiziala eman diete, larunbat honetan, abenduaren 20an, Usurbilgo frontoian.

Abiatze hitzordua girotzeko, AztarriTruk ekimena antolatu dute pilotalekuan bertan. Denetariko arropa eseki dute mahai ezberdinetan edota pertxetan zintzilik. Ispilu handi baten parean probatzeko aukera ere izan da. 

Kolore, tamaina, estilo ezberdinetako askotariko arropa hori dena doan hartu zitekeen norberarentzat, beste norbaiti oparitzeko... Izan ere, horixe zen AztarriTruk ekimenaren xede nagusietako bat; aurrez erabilitakoari segida ematea, berrerabiltzea alegia.

Gaurko bigarren eskuko azoka honetarako materiala aurreko bi egunotan aritu dira biltzen Sutegiko erakustaretoan. Hortxe, ekimen honen bidez sustatzen den trukea ere. Gaurkoan edonork har zezakeen mahaietan zen arropa, baina larunbat honetarako azokarako arropa utzi duenak egunotan Sutegin, bestelako jantziak eskuratzeko moduan izan da; alegia, trukea ere sustatu du berrerabilerarekin batera, aurreko urteetan egin izan den eta topaketa hauetarako berreskuraturiko AztarriTruk ekimen honek ere.