Arrobitxulo

Elkargunearen kokagunean errotuko dute gaur auzolanean sortutako murala

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 20a

Arrobitxulo elkargunea badatorrela iragartzen duen kartela sortu dute auzolanean larunbat honetan, "Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketen hasiera ekitaldian.

"Badator Arrobitxulo. Gaztetasunetik astialdia eta kultura eginez". Hala dio, ondoko argazkietako kartel deigarriak. Larunbat honetan, abenduaren 20an sortu dute, "gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketak abiatzeko, eguerdi partean Usurbilgo frontoian eginiko hasiera ekitaldian.

Azken urteotan, mamiz nahiz itxuraz diseinatzen joandako Arrobitxulo elkargunea datorrela iragartzen duen kartela da ondoko irudiotakoa. Elkarguneak biltzen ditu, gogoan izan, Kulturgunea, herriko aisialdiko eragileak nahiz gazte mugimendua.

Kartel hau protagonista izango da, datorren aste osoan zehar luzatuko diren topaketetan, azken txanpan zehazkiago esanda. Izan ere, hurrengo ostiralerako, ziklo hau borobiltzeko Arrobiltzarra antolatu dute goizeko 11:00etan Udarregi ikastolako erdiko aretoan.

Hitzordu horretan, iragarri dutenez, badatorren egitasmo honi lotutako erabaki giltzarri bat edo beste hartzera doaz. Honenbestez, norbanako nahiz eragileei hitzorduak duen garrantziaz ohartarazi eta bertaratzeko gonbita luzatu dute.

Errotzea
Saio horren amaieran, badatorren egitasmo hau iragartzeko kartela errotuko dute, eta ez edonon. Elkargunearen egoitza kokatuko den anbulatorio ondoko, bestela esanda, Oiardo Kiroldegia edota Udarregi ikastola pareko belardian jarri asmo dute.

Estreinatzear dugun 2026an, egitasmo honi lotuta pauso erabakigarriak emango direnez, kartelak berak esangura berezia izango du hurrengo hilabeteotan.

Auzolanean
Euskarri fisiko hau, larunbat honetan zehar sortu dute auzolanean, Aztarrikant bigarren eskuko azoka egin bitartean eta hasiera ekitaldia egin duten eremu berean. Hainbat eragileetako kideek eta norbanakoek parte hartu dute sorkuntza lan horretan.