Gabonak

Erregeen kabalkadarako antortxeroen izen-ematea martxan

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 22a

Urtarrilaren 5ean izango den erregeen kabalkadarako antortxeroei zuzenduriko izen-ematea abiarazi du Ziortza Gazte Elkarteak.

Asteotako ospakizun zikloa urtarrilaren 5ean borobildu ohi du udalerri honek, erregeen kabalkadarekin. Ziortza Gazte Elkartea arduratzen da antolaketa lanez. Bilgune horrek jakinarazi duenez, zabalik du antortxeroei zuzenduriko izen-ematea.

Mailaka, zeregin horretan nork noiz parte hartu ahalko duen zehaztu dute baita. Hala, DBH1ekoei goizean parte hartzeko gonbita egin zaie. Izan ere, erregeei aurre hartuz, goiz partean heltzen da haien postaria frontoira haurren gutunak biltzera.

DBH2, DBH3 eta DBH4 mailetako ikasleek, aldiz, arratsaldeko erregeen etorreran parte hartu ahalko dute antortxero gisa. Azkenik, jubenilek "egunean zehar, laguntzaile moduan aritzeko aukera" izango dutela berri eman du Ziortzak.

Lastargia eskuartean eramanez, hitzorduotan parte hartu nahi dutenek galdetegi bat osatu beharko dute, abenduaren 27a baino lehen. Galdetegi hori gazte elkartekoek Instagramen duten @ziortzage kontuan eskura daiteke. "Epez kanpoko eskaerak ez dira onartuko", ohartarazi dute Ziortzatik.


Erregeen kabalkada
Abenduaren 27ra arte
Antortxeroen izen-ematea @ziortzage kontuan.

Urtarrilak 5, astelehena

11:00 Eskutitz tailerra eta muralaren irekiera.
12:00 Postariaren etorrera eta jolasak postariekin.
12:30 Postariari eskutitzak eman.
17:00 San Estebandik irteera.
19:30 Frontoira iritsi.

Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.