Abenduaren 28an

"Sasi guztien gainetik... " gala magikoa bueltan

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 23a

Magiaz liluratzeko moduko ikuskizuna iragarri dute bigarren urtez jarraian, igande honetarako, abenduaren 28rako.

Iazko estreinako edizioaren ondotik, bigarrenez “Sasi guztien gainetik...” gala magikoa antolatu dute igande honetan, abenduaren 28an, 18:00etan Sutegiko auditorioan.

“Euskal Herriko bost mago elkartuko dira magia hau Usurbili erakusteko”, iragarri dute. Haietako bat, ekitaldiaren gidaria eta parte hartzailea izango da; Oier Agirresarobe usurbildarra. Berarekin izango dira, “Eleder Magoa, Bilbotik; Ruben, Irunetik; Potx Magoa, Oñatitik; eta Enzzo Zientzialaria Markinatik”.

Seigarren bat ere gogora ekarri nahi izan dute; bai, gure artera heltzear den Olentzero. “Zoritxarrez, Olentzerok ez du aukera izango egun horretan gurekin elkartzeko baina bere eta gabonen magiaren zatitxo bat lortu dugu, galan erakusteko asmoz”. 

Ekitaldirako sarrerak 3,5 eurotan eskuratu ahalko dituzue aldez aurretik, usurbilkultura.eus plataforman.