Bizipoza

"Bizipozak txikitasunetik zerbait handia egiten du"

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 23a

Azkenaldian Oiardo kiroldegi paretik igaro bazarete, horma-irudi bat ikusiko zenuten. Bertaratu, gerturatu eta begira jarri, datozen lerrook irakurritakoan. Halaxe gomendatu digute segidan datozen lagunen lekukotzek. Bizipozako kideak dira. Auzolanean sortu dute horma-irudi koloretsu eta bizia, Bizipozaren baitan bilduak dauden askotariko elkarteetako boluntarioen lana eskertu eta txalotzeko.

"Ondo maite duen magaletik munduaren zabalera zurekin joan nahi dugun besarkada gara". Hala dio, udazken honetatik Oiardo kiroldegiko horma-irudi koloretsu eta ederreko mezuak. "Horma irudia begiratzen duenak agian ez du ezer ulertuko. Asmoa ez da ezer ulertzea. Baina begira geratu dena hormaren mundu horretan barneratzen joan daiteke", Goretti Aranburu Epeldek aipatu digunez. TaPuntuko kideak josi du irudi hori, Bizipoza elkartekoen enkarguz. Elkarteen bilgune den mugimendu horretako boluntarioei eskertza adierazpena izan da, "besarkada bat". Horrekin batera, kide bakoitzari gutun bana helarazi zaio, mural zati baten lamina eskaintzeaz gain.

Horma-irudiaren sorkuntza prozesua bizipoza.eus atarian elkarteak zintzilikaturiko bideoan ikus dezakezue. Bertan, aurpegi ezagun bat baino gehiago aurkituko duzue. Izan ere, auzolanean sortu zuten, Bizipoza barruko elkarte hainbatetan diren usurbildarrek. Goiko argazkian dituzue. 

Hormara begiratuz gero, "bi beso handi daude bihotz handi batekin. Nola dago inguratua? Elkarteek egindako beraien lanarekin", kide usurbildarrekin. NOAUA!rekin hitz egiteko tartea eskaini digute. Hiru elkarteetako kideak dira. Batetik, Inar eta bere guraso, Ainara Oliden eta Josu Arrillaga. Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Familien Elkarteko kideak dira. Bestetik, Nora eta bere guraso Maitane Zinkunegi eta Ramon Kamino, Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteko kideak dira. Haiekin batera, Nerea Goizueta eta Amaia Ullate ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik minbiziari buruzko dibulgazioa, formazioa eta akonpainamendua eskaintzen duen elkartekoak. TaPuntuko Gorettirekin batera, Malen Aierbe Zubeldia, Bizipoza elkarteko sare sozialen kudeatzailea.

"Asko elkar laguntzen gara"
Bide ezberdinetatik heldu dira edo ziren bere garaian Bizipoza elkartera. Bizipoza "izaera bereziko gaiak lantzen dituzten eta haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede eta haien baloreak gizarteratzea auzolanetik eta euskaraz. Izan ere, "deneriko herritar, talde eta erakundeek osaturiko bolondres-sarea osatzea" du helburu, "gizartegintzaren poza bizitzeko". Lerrootan mintzagai dugun boluntariotza kanpaina abiarazi du asteotan eta horren harira bildu da hedabide honekin, aipaturiko herritar taldea. 

Esan bezala, une eta bide ezberdinetatik heldu dira usurbildarrok Bizipozaren baitako elkarteetara. Inarri 2017an minbizia diagnostikatu zioten eta ordutik, Aspanogiko kidea da bere gurasoekin batera. "Helburua gaixo dagoen haurra eta familia laguntzea da", azaldu digu bere ama eta elkarteko zuzendaritzako kide Ainarak. Arreta psikologikoa, sentsibilizazioa edota bestelakoan ez dauden baliabideak eskaintzen dihardute. "Elkarte guztien antzera, sortzen dira hutsuneak daudelako. Idealena elkarteen beharrik ez egotea litzateke, baina tamalez, beharrezkoak dira. Bizipoza denon erakusleiho bat da". Lotune argia dago bere baitako elkarteen artean; "Bizipozak txikitasunetik zerbait handia egitea lortzen du".

"Bizitzak elkartzen gaitu"
Naizen elkartera heldu ziren duela bost urte, pandemia garaian Nora, Maitane eta Ramon. "Orduan askatu zuen", horrela deskribatu du Noraren ama Maitanek alabak bizi zuena partekatu zuen unea. Halere, argi adierazi digu; "ikusten zitzaion". Naizen elkartera jotzea benetan lagungarria izan zaiela adierazi digute. "Oso gustura gaude. Bertan elkartzen gara, partekatzen ditugu zalantzak, arazoak. Asko elkar laguntzen gara". Argi adierazi digutenez, halakoetan sor daitekeen bakardade sentimendua erabat hausten du Naizen elkarteak eskainitako bilguneak; "bideak irekitzen dizkigu". Izan ere, prozesu betean dira. Bide horretan, aipatu digutenez, "Nora oso indartsua da eta berak erakusten digu bidea".  

Antzeko bizipenak partekatu dituzte baita hedabide honekin Nerea eta Amaia iñurriek ere. Aurten Usurbilen bertan egoitza fisikoa zabalik duen Iñurri elkarteko kideak dira. Minbiziak elkartu zituen, baina Ullatek berehala nabarmendu nahi izan duen moduan, "bizitzak elkartzen gaitu gehiago, horren bueltan sortzen den sareak". Sarearen garrantzia; "diagnosia jasotzean askotan uste duzu bakarrik zaudela, baina ez gaude bakarrik". Ildo beretik mintzatu da Nerea ere. "Zure antzeko bizipenak dituen pertsonekin ulertzen zara ondoen. Hor sortzen den lotura eskaintzen du Iñurrik". Minbizia dutenen eta haien inguruan arreta jartzen dutela nabarmendu dute; "zer garrantzitsua den, gure ingurua zaintzea gu zaintzeko". Askotariko profesionalen sarea sortu dute eta iñurritegia izugarri hazten ari zaie. Bizkaian jada antolaketa propioa osatzekotan dira, baina Euskal Herri luze zabaleko nahiz Galiza, Madril edo Kataluniako kideak dituzte sare horretan. "Iñurrik lotzen nau duen filosofiagatik. Emakume gisa askoz ulertuagoa, aintzat hartua sentitzen naiz", azpimarratu digu Goizuetak. 

Izan ere, "gune seguruak dira elkarteok, elkar ulertzea" ematen da, jatorria, adina... edozein izanda ere bilgune bakoitzaren baitan nahiz eragileon artean ere. Hain zuzen, "bizipen bera dugu amankomunean". Amaiak gaineratu duenez, "ardatz batetik gu gara ateratzen garen hari horiek, baina denok gaude helduta Bizipozan". 

Elkarte bateko kide izan gabe ere bai. Malen ari da Bizipozak egiten duen lanketa sarean ikusarazten. "Ezgaitasun bat dut, konektatzen dut ertzetan dauden errealitate horiekin". Horietaz jabetu gaitezen ari da lanean. Errealitateok "erdigunera ekarri behar dira eta balioan jarri behar da elkarte bakoitzeko boluntarioak egiten ari diren lana", Bizipozaren asteotako kanpaina egiten ari den moduan. Elkarteekin berezko loturarik izan gabe "ezeren truke" ari direnak goraipatu nahi izan ditu Ainarak.  Boluntariotzan heztea garrantzitsua iruditzen zaio. "Ez du zertan zuregana gerturatu beharrik arazo edo gai batek zure aletxoa jartzeko", gaineratu du Amaiak. Biziki hunkituta eskertu nahi izan dute iñurriek Usurbilgo jaialdian, egun osoz boluntarioek, bereziki gazteek eginiko ahalegina. "Herria oso ondo portatu zen", goraipatu du Nereak.

Sarea hazten doa, askotariko errealitateak azaleratzen doazen heinean.


"Zer garrantzitsua den askotan ondoan egote hutsa"
Egungo gizartea eraldatzea dute xede etorkizunean, Bizipozaren baitan diharduten elkarteek.
Bide horretan bagoaz bai, baina bada zer eginik oraindik, bilguneen bilgune handi horretan
bateratuak dauden usurbildarrek lerrootan adierazi digutenez. Esker ona baino ez dute
Bizipozarentzat, jasotako babes eta maitasun osoagatik

Elkarteotako boluntariotzatik bideraturiko lanketaren bidez, gizartea eraldatzen ote goazen, hala bada ze abiaduran, neurrian ari den galdetu diegu lerrootako elkarrizketatuei. Laburbilduz, "bai, baina..." erantzun digute. Maitanek eta Ramonek 2026an espero dute, Donostiara lekuz aldatzea beharrezko bidelagunak dituzten profesionalen sarea, orain arteko erreferentzia gunea Barakaldoko Gurutzeta ospitalea izan baitute. "Hara joan behar da eta egun osoa galtzen da". Hurbiltasunak denbora eta gastuak aurrezten lagunduko die. Bada, ordea, oraindik mantsoago doan beste eraldaketa bat; pentsamoldearena. "Era askotako errealitateak daude. Hainbat etxeetan gurasoetako batek ez du onartzen, besteak bai eta gatazkak izaten dira. Lanketa handia dago egiteke oraindik", adierazi digu Ramonek.

Hitz horiekin erabat bat datoz Iñurriko kideak ere. "Gauza bera gertatzen da minbiziarekin. Ezkutuan egon dira errealitate sozial denak; gure kasuan, esaterako, bularrik gabeko emakumeak. Horrez gain, jendea ez da ausartzen zer moduz zauden galdetzera", gogorarazi digu Nereak. Gorputz guztien edertasuna ikusarazten edota profesionalen aldetik minbizidun pertsonen borondatea aintzakotzat hartzen oraindik zer egina badela gogorarazi digute.

Horregatik, dioenez, "egiten ari garen lan nabarmenetako bat hitz egitea, komunikatzea da eta horrekin errealitateok gizarteratzea" eta bere esanetan, hortik etorriko da aurrerabidea; haien kasuan, "ikerketak sustatuz zientziaren aurrerapena". Izan ere, kezka handia agertu digu Nereak minbizi kasuen handitzea dela eta. "Aurreikuspenak oso beldurgarriak dira. Askok izango dugun gaixotasuna izango da, baina geroz eta gehiago bizi ahal izango gara, zientziaren aurrerapenari esker".

Eskertza eta hausnarketarako deia
Orrialdeotako lerrook irakurri ostean, kiroldegiko horma-irudia berriz ikustera gonbidatu gaitu  Gorettik, izan ere, "elkarteon bizipen eta borroka guztietan barneratu ahala, beste mural bat ikusiko genuke". Ildo beretik mintzatu da baita Malen ere. "Norberak zertan lagundu dezakeen" hausnartzera deitu gaitu. Laguntza modu asko egon daitezke; haietako bat, iñurrietako baten eskutik jaso dugu.

"Iñurrin gure agurtzeko modua, hitzik gabeko besarkada bat izaten da. Zenbat adierazten duen horrek eta zer garrantzitsua askotan ondoan egote hutsak sentiarazten duen babesa", adierazi digu Amaiak. Denen artean auzolanean sortutako horma-irudiaz harro, eskerrak helarazi nahi dizkiote "Bizipozari orohar, egindako lan guztiagatik eta denoi babesteko erakutsitako modu maitakorragatik". Hormaren josketa lanaz arduratu den TaPuntuko kidea eskertua dago baita Bizipozako elkarteetako kideei esperientzia hau bizitzeak ahalbidetu dion ikaskuntzagatik. "Haien prestasun, indar, gogo, ausardiagatik eskerrik asko".