Heriotzaz bizipozetik aritu ziren azaroaren 8ko jardunaldian Sutegin. Isiltasuna hausten joan arren, oraindik, hein batean tabua izaten segitzen duen gaiarekiko jakinminak aretoa goraino bete zuen. Esperientzien trukaketaren bidez, heriotzaren gaia erdigunera ekarri zuten. Hasteko, eremu honetan ikastetxeak zertan ari diren ezagutzeko aukera eskaini zuten. Hunkidura handiko lekukotzei egin zitzaien tartea. Izan ere, ikastetxeotan izandako heriotzek gidatu dute "heriotzaren pedagogiaren" lanketa, ahal izan zuten moduan. Lantalde berezituak osatu dituzte Sutegin hitza hartutako ikastetxeek, formazioa sustatu dute, tokian tokiko protokoloak landu, eguneroko jardunean gaiari tartea emateko.
Hala egina dute Gernikako Allende Salazar herri eskolan, halabeharrez, bertako ordezkariak Sutegin zioenez. Izan ere, 2020an ikasle baten bapateko heriotza kasu bat izan zuten. "Ez dakizu nora joan, bakarrik zaude bide honetan, ez dago materialik senideekin dolua lantzeko, ez dago sare bat". Duela bi urte osaturiko lantaldearen eta landutako protokoloaren erakusle da, adibidez, hildakoak oroitzeko azaroaren 1a baliatzen dutela "Beti gure bihotzean" izeneko dinamika bideratzeko. HH nahiz LH zikloetako ikasleek hurbilean bizitako heriotzaz hitz egin eta zendutakoen argazkiekin, horma-irudia osatzen dute. Urretxu-Zumarragako Gainzuri ikastetxean gai hau gidatu zuena duela 8 urte bertan matrikulatzerako gaixo zen Eleneren heriotza izan zen. Berak, bere senide eta irakasleetako batek eginiko elkarlanak ahalbidetu zuen Sutegin azaldu zutenez, heriotzaren pedagogia "oso natural" txertatzen joatea ikastetxean. "Oso gogorra, baina oso polita" izan zela oroitu zuten. 3 urteko haurra zendu izanak eragin zuen heriotzaren batzordea osatzea. Formazioa eta protokolo bana sortu zuten, ikastetxean ikasle, langile edo senideren bat hiltzen zenerako, formazioa sustatzeaz gain. Intxaurrondo bat landatu ostetik, garrantzitsutzat jotzen duten agur kolektiboetarako espazioa dute. "Heriotza beti hor dago", gogorarazi zuten, egun, ordea, "badakigu nola jokatu".
Kohesiorako baliagarri
Antzeko lekukotza eskaini zuen baita Añorgako Amassorrain ikastolako ordezkaritzak ere. "Heriotza oso hurbiletik bizi izan dugu". Duela hiru ikasturte ikasle baten aita hil zen, haur bat iaz. Osatzen jarraitzen duten protokoloa landu zuten eta horri esker, egun guraso bilera bat izaten dute haien hezkuntza komunitatean hildakoren bat denean bizitakoa partekatzeko, agurra egiteko liburu bat ere eskuragarri jartzen dute, edota agur ekitaldia ere antolatzen dute hildakoaren omenez. Baliabideak behar dituzte, ordea. "Ibilbide osoan oso umezurtz sentitu gara. Oso baliabide urriak eta zaharkituak daude", zioen ikastetxeko ordezkariak. Zorionez, zioenez, hainbat elkarte, eskolako eta Añorgako komunitatea bidelagun izan dute. "Denon inplikazioa handia izan da. Komunitatea asko kohesionatu du gai honek", nabarmendu zuen eta fokua gaztetxoenengan jarri zuen. Haiek gai honi heltzeko duten naturaltasuna baliatu beharra dagoela gogorarazi zuen.
Gai honen lanketan aitzindaritzat jotzen den Antzuolako eskolako esperientzia ere ekarri zuten Sutegira, kasu honetan, ordea, ama baten ahotik. 2019an zendu zitzaion Arane 5 urterekin, sortzez zuen kardiopatiagatik etxean bertan. Bapateko heriotza izan zen. "Mundua gelditu zitzaigun", azaldu zuen Sutegin. Beilatokia etxean bertan egitea erabaki zuten. Eskola hasieratik izan zuten bidelagun, "asko eskertu genuen guganako hurbiltasuna", tartean, Sutegin bertan zen hildakoaren ahizpa txikiarekin. Oroimenerako txokoa sortu zuten eskolan bertan, hildakoaren objektu kuttunekin. Ikasgeletan gaia jorratu zuten, agur kolektibo bat egin zuten. "Hasierako mina igarota, dena maitasun handiz oroitzen dugu". Horregatik, "heriotzaren bat suertatzean, eskolak eman dezakeen laguntza" aldarrikatu zuen, gertatutakoari hitza jarri eta hildakoa oroitzeko aukera emateko. "Oroimen partekatua sortzen lagundu dezake eskolak", bere alabaren heriotzaren urtemugetan egiten jarraitu izan duten moduan.
"Heriotzaz hitz egin behar da"
Bigarren mahainguruan Bizipozarekin bat egina duten elkarte hainbatetako ordezkariek hartu zuten hitza. Mintzagai zuten heriotzaren pedagogiak nola zeharkatzen zituzten jakin nahi zen. Usurbilen egoitza ezaguna duen Iñurri elkarteak hartu zuen hitza. "Tabu oso handitik" osatutako bilgunea zela gogorarazi zuen haren sortzaile Julene Illarramendik. Ama minbiziak jota hil zitzaion eta dolua eraldatzeko beharretik sortu zuen sare erraldoia osatu duen iñurrien mugimendua. Udan zazpi kide zendu zaizkie, "asko ama ziren". Txikitatik landu beharreko gaia dela dio. "Ondo gaudenean heriotzaz hitz egiten badugu hobeto, gero errazagoa izango da". Gipuzkoako Haur Minbizidunen Familien Elkarte ASPANOGIk ere presente du heriotza, izan ere gaixotasun prozesuon %15-20 heriotzarekin amaitzen dira. Baina "onartzea zaila da batzuetan", Nekane Lekuonak Sutegin nabarmendu zuenez. "Errezeta magikorik" ez dagoela dio, familia bakoitzaren araberakoa izaten dela jorraturiko bidea baina akonpainamendua gakotzat jo zuen. Haurra hil eta gero jarraitzen duena, senide horiek elkarteko kide izaten segitzen baitute. "Heriotzaz hitz egin behar da, bizi-itxaropena handia izan arren", Lekuonaren esanetan.
Naizen adingabe transexualen familien elkarteak ere badu zer esanik gai honen inguruan. "Heriotza tabua bada, pentsa suizidioa", zioen bilguneko ordezkari Bea Severrek. Berak azaldu bezala, suizidioaren bidez dute lotura heriotzarekin. Kolektibo horretan, "%40 inguru bere buruaz egiten saiatuko da" bere bizitzako uneren batean. Halere, nabarmendu zuenez, "ez dugu loturarik sustatu nahi heriotzarekin". EHU-rekin sinatua duten hitzarmenaren bidez, prebentzioan eragiten dihardute adituekin.
Aisialdi hezitzaile euskaldunean eragiten diharduen Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak ere hartu zuen hitza jardunaldian. Gau Beltza edota Palestinan bizi dutena bitarteko gisa baliatuta, heriotzaren gaia jorratu arren, gaia era sistematizatuan jorratzea erronkatzat ipini zuen elkarteko ordezkari Jone Ojeak.
Jardunaldiko ondorioen atalean, aipatzekoa antolatzaile izandako Hil Argi elkarteko Nere Erkiagaren hitzok. "Beldurra, min traumatikoa bakarka handiegi geratzen da, baina taldean nola aurre egiten zaion", nabarmendu zuen. "Isiltasuna apurtu, errua eraldatu eta maitasuna partekatzea adierazteko taldea behar da". Bestalde, haur nahiz gazteek "zer ahalmen duten" gogorarazi zuen. Erronka hauekin borobildu zuen jardunaldia; hasteko, saretu beharra dago, egindakoa ezagutarazi behar da, dagoen materiala euskaratu edota profesionalen formazioa sustatu behar da. Helburu horiei guztiei heltzeko, ordea, baliabideak behar dira.