Arrobitxulo

Sorkuntzari bide eman diote Arrobitxuloren topaketek

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 23a

"Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketen baitan, sorkuntzari eskainitako arratsaldea antolatu dute aste hasiera honetan.

Gaztetasuna, kultur sorkuntza eta astialdia uztartzen ditu Arrobitxulo elkarguneak. Horren ispilu dira bilgune honen baitan diren Kulturgunea, gazte mugimendua edota aisialdiko eragileak. Hiru ardatz hauen bueltan antolatu dituzte, iragan astetik abian dituzten "Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketak.

Astelehen honetan, abenduaren 22an, kultur sorkuntzari eskaini diote negu giro beteko arratsalde euritsua. Potxoeneako goxotasunean hiru sorkuntza tailer bideratu dituzte, alor bakoitzean aditu eta aritu diren herrikideekin.

Batetik, Ione Iruretagoienak joskintza tailerra eskaini zuen, komikigintzaz "bineten artean" saioa Joseba Larratxek eta, azkenik, Lierni Errekondok bertsogintza saioa. Hiru saioak aldi berean eskaini ziren Potxoenean. 

Antolatzaileek ekimenok izandako parte hartzea nabarmendu dute, guztira, 50 lagunek emana zuten eta izena hitzorduotarako.

Arratsaldea borobiltzeko, Zumarte Musika Eskolako ganbaran Ixak Arruti Aranbururen sorkuntza ibilbidea ezagutzeko aukera izan zen.