Iragan astetik abian izandako Arrobitxulo elkargunearen topaketak amaitzear dira. Ostiral honetakoa, abenduaren 26koa izango da ziklo horren azken eguna.
Hiru hitzordu antolatu dituzte; bi goiz parterako, haietako bat, Arrobiltzar erabakigarria Udarregi ikastolako erdiko aretoan. "Garrantzia berezia eman nahi diogu azken egunari", nabarmendu zuten antolatzaileek iragan asteburuko topaketon aurkezpen ekitaldian. Izan ere, "goizean Arrobiltzarra burutuko dugu Udarregin. Bertan, aurten Arrobitxuloko talde motorrak landutakoen berri emango du; proiektu definitiboa erakutsi eta erabaki potolo bat edo beste hartu beharko da".
Segidan, iragan larunbatean frontoian margoturiko kartela "Arrobitxulon egongo den zelaian errotuko dugu, Arrobitxuloren aurrekari bezala, Arrobitxulo jada bidean, martxan dagoela aldarrikatzeko". Hala dio kartelak: "Badator Arrobitxulo. Gaztetasunetik astialdia eta kultura eginez".
Azkenik, festa giroan agurtu nahi dute ziklo hau. Usurbilgo "Ondoezik elektrotxaranga izango dugu herriko kaleak astintzen, Usurbilek zutik kulturaz gozatzeko areto bat izango duela ospatuz".
"Gero bat gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen"
Abenduak 26, ostirala
11:00 Arrobiltzar erabakiorra Udarregi ikastolako erdiko aretoan.
Ondoren, abenduaren 20an frontoian landutako murala errotzea.
17:30 Ondoezik Usurbilgo elektrotxaranga taldearekin kalejira frontoitik abiatuta, herrian zehar.
Antolatzailea: Arrobitxulo elkargunea.