Kaleko Afari Solidarioak

Lehenengo afari solidarioa sukaldatu eta garraiatu dute

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 23a

Kaleko Afari Solidarioak egitasmoaren bueltan, udazken honetan Usurbilen osaturiko herritar taldeak lehen elkartasun afaria sukaldatu eta garraiatu du Donostiara astearte iluntze honetan.

Solidaritatea zerion gaurkoan Aitzaga elkarteari. Elkartasunari bide eman eta orain arteko lanketa borobildu dute astearte honetan, abenduaren 23an. Arratsaldean zehar, Kaleko Afari Solidarioak egitasmoarekin bat egin dute bertan bildutako boluntario taldeak.

Gogoan izan, udazken honetan zehar abiarazi eta osatu du herritar talde batek Kaleko Afari Solidarioak egitasmoarekin bat egiteko bilgunea. Egitasmo hura 2020an sortu zuten Donostian. Ekimen solidario horren baitan, kalean bizi direnentzako sukaldatutako afari beroa prestatu eta banatzeari ekin zioten.

Aipatu moduan, boluntario sare horrekin bat egin du udazken honetan Usurbilgo herritar talde batek. Hitzaldi bat antolatu zuten hasteko, urriaren 31n Potxoenean, egitasmo honen berri jasotzeko. Gerora, lehen afari solidarioa prestatzea erabaki zuten. Horretarako, elikagaien eta baliabideen bilketa antolatu zuten azaroa amaieran Usurbilen eginiko bi azoka egunetan; Hurbilagoren Udazkeneko Azoka egunean eta biharamuneko 24. Erle Egunean. 

Jasotako laguntzarekin, astearte honetan, abenduaren 23an prestatu dute Aitzaga elkartean lehen afari solidarioa. Bildutakoa tuperretan jaso, kotxe batera eraman eta ibilgailu honen bidez garraiatu dute Donostiara.

Aitzagan zirenek, eskertza helarazi diete afari solidario hau egitea ahalbidetu duten guztiei. Otorduok Donostiara garraiatzekotan ziren unekoak dira irudiok: