Aspaldiko urteotako gabon gau eta eguberri egunik hotzenak datozkigu. Asteazken honetan, abenduaren 24an zehar, 7-9 gradu artean joango zaigu eguna. Gauean zehar, hozten segiko du eta ostegun goizaldean -2 graduko tenperatura izan dezakegu. Tarte horretan, elurra ere egin dezakeela ohartarazten ari da Euskalmet meteorologia agentzia. Halere, egitekotan askorik ez omen du egingo. "Elur-lapatsa egin badezake ere, zaila da zuritzea, prezipitazio askorik ez baita espero", Euskalmet-en arabera.
Abisu horia ezarri du aipatu agentziak asteazken gaueko 21:00etan hasi eta ostegun goizeko 9:00ak arte. Hamabi ordu horietan zehar, 700-900 metrotan zuritu dezake hasieran, baina gerora, goizaldean, "elur-kota baliteke 400-600 m inguruan egotea. Prezipitazio txikia egingo du han-hemenka, bereziki Kantauri isurialdean", Euskalmet-ek zehaztu duenez. Zentimetro bakar bateko elur geruza pila daiteke 600 metrotan.
Egunotarako iragarpena
Usurbilen, asteazken honetan, abenduaren 24an, "zerua estalita egongo da eta noizbehinka euria egin dezake, batez ere arratsalde-gau partean. Ipar-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da; minimoak azken orduetan neurtuko dira".
Ostegunean, hilaren 25ean, "egunaren hasieran zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egin dezake; arratsalde-gau partean ostarteak zabalduko dira. Egunaren lehenengo partean ipar-haizea ibiliko da, arratsaldetik aurrera ekialdekoa. Tenperatura nahikoa jaitsiko da".
Ostirala ere hotzetik etorriko zaigu. Euskalmet-en arabera, hilaren 26an, "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.