Zalantza zen eguraldia tarteko, nondik agertuko ziren, baina aurtengoan ez dute hutsik egin nahi izan. Kalezar aldean, Haranetik behera ikusi ditugu estreinakoz, orduotako protagonista maitatuenak; Mari Domingi eta Olentzero. Ez zetozen bakarrik ez, lagunarte ederrean baizik. Usurbilgo joaldunak eta adar joleak buru zituen kalejirak eta segidan, lastargiak eskuartean, bidea argitzen lagun-talde handia.
Egurtzegi parean bidelagun gehiago batu zaizkie. Izan ere, kalejirarekin bat egiteko prest ziren galtzagorriak. Koadrila osoa batuta abiatu dute ofizialki Kalezarretik herri erdigunerainoko kalejira girotua. Haien bueltan, senide, lagun eta herrikide gehiago.
Belmonte kalea zeharkatu eta Zubiaurrenea kaleko biribilgunetik gora Mikel Laboa plazaraino heldu dira. Han, Olentzero eta Mari Domingi estreinakoz haien garraiobidetik jaitsi eta jendartean barneratu dira. Oinez, galtzagorriak buru zituztela frontoirako azken metroak egin dituzte.
Auzolanaren emaitza ederra
Euriak azkenean ez du oztopatu hein handi batean, antolatzaileek prestatua zuten plangintza. Ibilbidea osorik egin ahal izan dute azkenean, nahiz eta amaiera ekitaldia osorik, aterpean, frontoian egin behar izan duten.
Auzolanean bideratu dute Mari Domingiri eta Olentzerori eginiko harrera belaunaldi ezberdinetako herritar talde zabal batek. Emaitza ederra izan du azken hilabeteotako ahaleginak.