Gabonak

"Elkarrekin egon eta asko maitatu elkarri"

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 24a

Hortxe Mari Domingik eta Olentzerok plazaratu nahi izan duten mezua, asteazken iluntze honetan, frontoira heldu direnean. Harrera beroa egin diete.

Kalejiran sumatu da herrira heltzeko gogotsu zirela Mari Domingi eta Olentzero. Kalejiran sumatu da baita, herritarrak ere bi pertsonaia estimatuoi harrera egiteko irrikitan zirela.

Elkarrekin egoteko gogoa nabarmen handitu da gaurko bi protagonistak frontoira heldutakoan. Zumarte Musika Eskolakoekin batera, galtzagarriek kantuan eta dantzan, opari ederra egin nahi izan diete Mari Domingiri eta Olentzerori.

Elkarrekin egoteko deia izan da baita bi pertsonaiek plazaratu nahi izan duten mezua, oholtza gainera igo eta galtzagorriez inguratuta hitza hartutakoan. "Elkarrekin egon eta asko maitatu elkarri", galdegin diete frontoira joandakoei, egindako harreragatik eskerrak ematearekin batera.

Gurasoei ere mezu zehatza; gabon giro honetan, "urteko erritmoa" mantsotzea eskatu diete. Eta noski, ondo pasatzea baita helduei, baina bereziki haurrei.

Ekitaldi amaieran, haiekin argazkiak egiteko aukera izan dute denek, eskaerak helaraztearekin batera.

Mari Domingiri eta Olentzerori egin zaien harrera ikusitak, gau honetan ez dute lan faltarik izango.