Azken ostiral honetako mobilizazioa abenduaren 31ra atzeratu du Sarek

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 26a

Hileroko azken ostiraleko elkarretaratzea urteko azken egunean, abenduaren 31n egingo da Sarek jakinarazi berri duenez.

Abenduko azken ostirala dugu gaurkoa, hilero moduan Sarek deitutako mobilizazio eguna. Oraingo honetan, ordea, atzeratzea erabaki du Usurbilgo eragileak. Gaur, hilaren 26an ez, abenduaren 31rako deitu du "Behin betiko. etxera" aldarripean egingo den elkarretaratzea. Ezohiko egunean eta ezohiko orduan egingo da. Izan ere, iluntzeko 20:00etan izaten da elkarretaratzea, baina ordubete aurreratuko dute oraingoan; 19:00etan egingo da Mikel Laboa plazan.

Bilboko manifestazioaren atarian
Aldarrikapen eta ospakizun giroa uztartuko dituen hilaren 31ko elkarretaratzea, Sarek urtarrilaren 10ean Bilbon deitua duen urteroko manifestazio nazionalaren atarian egingo da. Hilaren 10erako dute antolatua mobilizazio hori, 17:00etan abiatuko da La Casillatik, "Ezin da gehiago luzatu. Konponbidea. Bakea. Elkarbizitza" aldarripean.

Iragarria du Sarek "milaka eta milaka pertsonak Bilboko kaleak beteko ditugula berriz, oraingoan urtarrilaren 10ean, preso daudenen eskubideak defendatzeko eta, batez ere, Euskal Herrian konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiteko".

Sareren esanetan, "2023. urteaz geroztik, hortaz, aurrerapauso nabarmenak egin direla onartu beharra dago", baina "orain, gehiegi luzatu den eta sufrimendu handia eragin duen prozesuaren azken txanpari ekin behar diogu. Eta bidearen azken zati hau beharrik gabe gehiegi luza ez dadin, euskal gizarte osoari dei egiten diogu. Egin dezagun bide hori elkarrekin".

Bilboko manifestaziora joateko autobus zerbitzua antolatuko du Usurbilgo Sarek. Ohiko lekuetan eman beharko da izena, aldez aurretik.


Sareren deialdiak
Abenduak 31, asteazkena
19:00 Urteko azken elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Urtarrilak 10, larunbata
17:00 Manifestazio nazionala Bilboko La Casillatik, "Ezin da gehiago luzatu. Konponbidea. Bakea. Elkarbizitza" aldarripean. Hara joateko autobus zerbitzuan izen-ematea aldez aurretik, ohiko tokietan.

Antolatzailea: Sare.