Gabonak

Etzi zabalduko dute Gabonetako Haur Parkea

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 31

Urtarrilaren 2tik 4ra kokatuko du Usurbilgo Udalak Gabonetako Haur Parkea Oiardo kiroldegiko pistan.

Usurbilgo Udala bera da asteotan izango ditugun hainbat dinamiketako laguntzailea baina baita antolatzailea ere. Iragarri dituzten ekimenen artean dago, batetik, harrera beroa izan ohi duen Gabonetako Haur Parkea.

Aurreko edizioaren ildo beretik, urte berria heldu arte itxaron beharko da gune horretan parte hartzeko. Izan ere, datorren asteburuan, urtarrilaren 2tik 4ra antolatu du Udalak parke hori Oiardo kiroldegian. 2-12 urte artekoei zuzenduriko eskaintza zabalean, puzgarriak, tailerrak eta bestelako hainbat jokoetan aritzeko aukera ederra izango da hiru egunez, lagunarte nahiz familia giroan eta kiroldegiko pistan, goizez nahiz arratsaldez.

Gabonetako parkea
Egunak: urtarrilak 2, 3 eta 4.
Ordutegia: 11:00-13:00 / 16:30-19:30.
Nori zuzendua: 2-12 urte arteko gaztetxoei.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.