Iragan astean abiatutako "Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketen azken jardunaldi eguna gaurkoa, abenduaren 26koa. Azken txanpa honetarako zuten antolatua Arrobiltzarraren, hau da, elkargunearen baitan diren Kulturguneko, gazte mugimenduko edota aisialdi eragileetako kideen nahiz norbanakoen bilkura, Udarregi ikastolako erdiko aretoan.
Goizeko 11:00ak pasatxoan hasitako saioan, batetik, 2025ak Arrobitxulo elkarguneari dagokionean, egindakoaren balantzea plazaratu dute. Gogora ekarri dituzte, besteak beste, azken urteotan bideraturiko lanketa plazaratzeko eginiko ekimenak; tartean, otsailean eginiko Sutegiko aurkezpen berezia. Bertan, izena, marka, aurreproiektua eta xehetasun gehiago partekatu zituzten kultur-etxeko auditoriora joandakoekin.
Horrez gain, gaurkoa, aurtengo hirugarren Arrobiltzarra zuten. Aurreko biak, taldea egituratzeko, egunotako topaketak antolatzeko edota proiektuaren beraren garapenari lotutako beste hainbat erabaki hartzen joan edota lanketari segida emateko bi saio gehiago egin dituzte hilabeteotan; bat udaberrian, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan eta bestea, uda amaieran, gazte mugimenduaren lokalean.
2026ra begira
Gaurko saioara joan direnei, gainera, ikastola pareko zelaian kokatuko den eraikinaren egiturari buruzko xehetasunak eman zaizkie. Gogoan izan, besteak beste, emanaldiez zutik gozatzeko areto handi bat izango duel Arrobitxuloren etorkizuneko egoitzak, musika taldeen entsegu saioetarako lokalak, sorkuntzara bideratuko direnak...
Egitura hori nola hornitu, hortxe hurrengo hilabeteotan hartu beharko duten erabakietako bat. Baina ez da bakarra izango. Urte erabakigarrian barneratuko da Arrobitxulo elkargunea, estreinatzear dugun 2026an. Urte horri begirako lanketari ekin nahi zioten gaurko saioan; besteak beste, barne antolaketa eta kudeaketa definitzen segitzea izango dute urte berriko erronken artean.