650 Usurbil Bizi Otarrak

Arrobitxuloren muralaren aurkako erasoa salatu dute

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 27a

Bart Arrobitxulo elkargunekoek atzo eguerdian anbulatorio ondoko zelaian errotutako murala erasotu dute. Eraso hau salatu dute, larunbat eguerdi honetako, 650 Usurbil Bizi Otarren banaketa ekitaldian.

Txikituta esnatu da Udarregi ikastola eta Oiardo kiroldegi pareko edota anbulatorio ondoko zelaian kokaturiko Arrobitxulo elkargunekoen murala. Atzo eguerdian errotu zuten, "Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketen amaieran ikastolan eginiko Arrobiltzarraren amaieran.

24 ordu ere ez ditu osorik egin. Aipatu moduan, txikituta agertu da larunbat goiz honetan, abenduaren 27an. Elkargunearen baitan dira, gazte mugimendua, aisialdiko eragileak edota Usurbilgo Kulturgunea. Kulturgunea ere bada hain zuzen, larunbat honetan frontoian egindako 650 Usurbil Bizi Otarren egitasmoko bultzatzaileetako bat.

Lankidetzarako deia
Ekitaldi horretan tartetxo bat hartu dute, bart gauean jazotakoa salatzeko. "Elkarguneak atzo bukatu zituen topaketak anbulatorio gaineko zelaian kartela jartzen", ekarri du gogora ekitaldiko aurkezle Aitor Agirrek.

Aipatu moduan, ordutik egun bakarra ere ez da igaro eta txikituta agertu da "Badator... Arrobitxulo. Gaztetasunetik, astialdia eta kultura eginez" zioen eta auzolanean abenduaren 20an frontoian margoturiko sorkuntza lana.

"24 ordu ere ez ditu iraun, erasotua izan da", jakinarazi dute 650 Usurbil Bizi Otarren banaketa ekitaldian.

Gertatutakoaren ondotik, honako deialdia egin nahi izan dute: "Bultzada bat eman herriko jendeari, herriko taldeetan, elkarteetan, herriko edozein ekimenetan parte hartu eta laguntzera. Gure artean ez bagara elkar laguntzen eta boikota bultzatzen badugu, ez dugu aurrera egingo". Bertaraturikoen txalo artean borobildu dute salaketa mezua.