2025ak berea egin du. Urte zaharra agurtu eta berriari harrera egiteko hitzordu bat baino gehiago antolatu dira, Andatza gainean. Izan ere, urtarrilaren 1ean azken urteotan sendotzen joandako ohitura berrituko dute hainbat herrikideek, babeslekura igo, hamaiketako legea egin eta talde argazkia aterata.
Aurtengoan, aurre hartuko diete, ordea, Ziortza Gazte Elkartekoek. Hain zuzen, asteazkenean, abenduaren 31n, Andatzara irteera antolatu dute, "urtea ezinhobeto bukatzeko", sare sozialen bidez jakinarazi dutenez. Asteazken goizeko 9:30etan finkatu dute udaletxe aurreko plazan txangoa abiatzeko hitzordua, "elkarrekin 2025. urteari agur esan eta 2026ari ongi etorria egiteko".
Urte honen agurrean, eskertza helarazi nahi izan dute Ziortzatik, 40. urtemuga ospaturiko "urtean zehar antolatutako ekintzetan izandako parte hartze eta laguntza guztiagatik".
2026ari ere auzolanean ekingo diote. Izan ere, urtarrilaren 5ean erregeei harrera egiteko egunpasa antolatu dute.
Ziortzakoen hurrengo deialdiak
Abenduak 31, asteazkena
09:30 Urtea agurtzeko Ziortzakoen irteera Andatzara, udaletxe aurreko plazatik.
Urtarrilak 5, astelehena
11:00 Eskutitz tailerra eta muralaren irekiera.
12:00 Postariaren etorrera eta jolasak postariekin.
12:30 Postariari eskutitzak eman.
17:00 San Estebandik irteera.
19:30 Frontoira iritsi.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.