Gabonak

Hurbilago San Silbestre lasterketan izena emateko aukera egunean bertan

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 29a

Abenduaren 31n izango den ekimenean presentzialki izena emateko aukera izango da egunean bertan.

Bi egun pasatxo baino ez 2025a agurtzeko. Urte hau lasterka amaituko du batek baino gehiagok. Izan ere, Usurbilgo herri bizitzako azken ekintzen artean izango da Hurbilago elkarteak hilaren 31n antolaturiko San Silbestre lasterketa.

Tipi-tapa nork bere erritmora, urtea herri merkataritzaren eta ostalaritzaren alde korrika eginez agurtu ahalko du 2025a. Gogoan izan, iragan abenduaren 26an itxi zen ekimenerako telematikoki izena emateko epealdia, gertuago.eus atarian zintzilikaturiko estekaren bidez.

Halere, oraindik apuntatu ez zaretenok, lasterketa egunean bertan izena eman ahalko duzue presentzialki, frontoian bertan, 16:00-16:30 artean. Tramite hori egitea ezinbestekoa izango da, lasterketa amaieran egingo diren sarien zozketan parte hartu ahal izateko.

Azken urteotan ugaritu dira lasterkarien artean mozorrotu izan direnak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mozorro onenak ere saria jasoko du.

Urteko azken lasterketa, abenduaren 31n, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da frontoitik.

Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa
Abenduak 31, asteazkena
16:00-16:30 Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketarako presentzialki izena emateko aukera frontoian.
17:00
Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa frontoitik.
Amaieran, oparien zozketa.

Antolatzailea: Hurbilago elkartea.