Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak urtarrilean egin zion gorazarre bilguneak betetako mende erdiari. Urtemuga bereziaren harira, bizitzeko ezinbestekoa dugun odola ardatz hartuta, ematearen garrantzia nabarmentzen zuen erakusketa antolatu zuten, baita emaileen bazkaria ere. Urtero moduan hainbat kide omendu zituzten, baita bilgunearen ibilbidea bermatzen aritutakoak ere.
Omenaldi eta gorazarre gehiago izan ziren urtarrilean. Izan ere, agur baten lekuko izan ginen baita; Odolaren Mintzoa taldekoena. Zaletu eta hurbilekoak, taldearen bueltan sortutako komunitea dardaraziz eskaini zuen taldeak azken kontzertua urtarrilaren 25ean frontoian, egun osoko jaialdiaren amaieran. Herriko hainbat talde izan zituzten bidelagun, goizaldera arte luzaturiko haien agurreko festan. “Irribarre bat dugu ahoan, harro gaudelako egindako bideaz”, nabarmendu zuten pozarren eta hunkituta, talde kide Jokin Irastorzak, Beñat Txuekak, Luken Arkarazok eta Joanes Txuekak.
Talde bat joan osterako, berri bati egin zitzaion ongi etorria; Izan Bai taldea sortu zen, bi herrikide (Ixak Arruti eta Martin Larrañaga) tartean zituela. Haien estreinako diska plazaratu zuten urtarrila amaieran.
Urte hasierako hitzorduak
Kaleko hitzorduei dagokienean, gabonetako azken ekintzak ospatzetik barneratu ginen urtarrilean; gabonetako haur parkea edota 40 urte betetako Ziortza Gazte Elkarteak antolaturiko erregeen kabalkada izan genituen. “Oparirik onena guk ekarritakoa elkarrekin partekatzea” dela oroitarazi zuten Urdaiagatik behera herrian barrena egindako ibilaldiaren amaieran, frontoiko harrera ekitaldian, Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek.
Ziortzarekin batera, Zumartek ere 40 urte bete ditu aurten eta horren harira, 2025eko lehen seihilekorako ospakizun ziklo oparoa prestatu zuen. Horren abiapuntua izan zen, urtarrilean oholtzaraturiko “Katedraleko meza” Easo abesbatzen ikuskizuna.
Kantu Taldeak hamaseigarren ikastaldiari ekin zion. Urteko lehen kantu-jira palestinar herria gogoan hartuta abiarazi zuten.
Urtarrilarekin batera, txotx garaian barneratu ginen. 1,3 milioi litro Euskal Sagardo ekoitzi zirela 46 sagardogietan jakinarazi zuen Euskal Herriko sagardogintzako sektoreak.
Nafartarrak taldeak Zuberoako ikastolak laguntzeko udazkenean bideraturiko kanpainaren balantzea plazaratu zuen urte hasieran. 2.500 saski baino gehiago saldu eta 12.000 euro baino gehiago eskuratu zituzten elkartasun ekimen horretan. "Aurtengoak marka guztiak hautsi ditu", nabarmendu zuten.
Urtarrileko ohiko hitzorduen artean izaten dugu Irisasi BTT Hotzak Akabatzen. Ohi bezala, dortsalak agortuta eta boluntarioei esker onez agurtu zuten 2025eko edizioa. “Haien laguntzaz da IRISASI den bezalakoa. Milesker!".
Urtarrila agurtzeko NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia izan genuen; Alex Telloren “Animo” lehen film luzearen estreinaldiarekin, antzezlanean bilakaturiko Amets Arzallusen “Miñan” antzezlanarekin, Itoitz taldeari buruzko dokumentalarekin, “Itzal(iko) bagina” bertsoa oinarri zuen emanaldiarekin edota Orbeldiren “Iparrera begira” ikuskizun berriarekin.
Sarituak
Urtarrilaren 20ko Donostia Egunak lotura bikoitza izan zuen udalerri honekin. Batetik, Joseba Larratxek sortutako kartelak iragarri zuen orduko jaialdia eta urtero Gipuzkoako hiriburuko udalak banatu ohi duen Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen Iñaki Almandoz Aramburuk.
Euskarazko kazetaritza zein komunikazioa goraipaturiko Argia Sariak ere banatu zituzten beste behin Atxega jauregian; tartean, Altxa Burua ekimenari, “seme-alabek mugikorra gutxiago erabiltzeko abiaturiko borrokagatik”.
Oriara begira
Zuhaitz erorketak eragindako hilabete hasierako haizeteen ondotik, Oriara begira izan ginen urte hasieran zenbait egunez; batean, errioak zekarren ur-emariagatik; bestean, zebra muskuiluaren hedapena tarteko. Aginagarrek egindako alerta deiari esker, "Foru-Aldundiak, uraren erakunde kudeatzaileak, EHU, Kantauriko eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eta URA" erakundeek osaturiko batzordea bildu zen. Jakinarazi zutenez, 2016tik lehen aldiz antzeman zuten "inpaktu handiko espezie inbaditzaile" hau Oriako beheko zatian Aginaga inguruan.
Udal aurrekontuak eta dirulaguntzak
Udalbatzak hartutako hileroko erabakiei dagokienean, batetik, inoizko udal aurrekontu handienak behin betiko onartu zituzten. Bestetik, 2023-25 urte arteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 2025eko eranskinak aho batez onartu zituen udalbatzak abenduaren 19ko osoko bilkuran. Milioi bat euro pasatxoko dirulaguntzak izan zituen urte berriari ekiteko.
Azkenik, garraio zerbitzuei dagokienean, Mugi txartela zuten 12 urtetik beherakoentzako doakotasuna indarrean jarri zen.
Urtarrileko argitalpenak
Urtarrilaren 10eko 1017. NOAUA!
Urtarrilaren 17ko 1018. NOAUA!
Urtarrilaren 24ko 1019. NOAUA!
Urtarrilaren 31ko 1020. NOAUA!