Mozorrotuta ekin zion herri honek urteko hirugarren hilabeteari, “superheroien” festarekin hain zuzen. Karroza ugari eta pertsonaia biziberritu bat baino gehiago elkartu zituen inauteri festak. Burrunbazale txarangak eta Itzal taldeak girotu zuten eguna.
Inauteriak igaro berritan, tokiko inauterien protagonista izandako Urdek eskertza mezua helarazi zion herri honi. "Zein goxo hartu nauzuen zuen herrian", adierazi zuen gutun bidez.
Musika doinuak ez ziren itzali inauterien ostean. Izan ere, berehala ekin zion Zumarte Musika Eskolak aurten ospatu duen bere 40. urtemugako 21. Soinurbil zikloari. Martxoaren 8aren atarian, emakume sortzaileei gorazarre egindako Kalezarko ermitako kontzertu bereziarekin abiarazi zuten, Suhar abesbatzaren emanaldia, Zumarteko eta Hondarribiko musika eskolen topaketa edota bertako musikari eta abeslarien saioa ekarritako hitzorduen sorta.
Bisitarien artean, ikusmina eragin zuen Ibai Arrieta del Picoren "Janela: leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora begira" izeneko argazki erakusketak. Irekiera ekitaldian, Urbizu bera izan zen Sutegin eta haren kantaldiaz gozatzeko aukera izan zuten.
Eta kantuan segi zuen herri honek martxoan zehar. Izan ere, Euskal Herriko Trikitilarien Elkarteak betetako 50 urteak Usurbilen ospatu zituen, 1972an herri honetan izandako Trikitilari Eguna oroitzeko.
Ekitaldien eskaintza zabala
Bizi joan zitzaigun martxoa kultur eskaintzari dagokionean. Sutegi udal liburutegiaren eskutik, besteak beste, Ander Izagirreren eta Zuhaitz Gurrutxagaren "Subcampeón" liburu aurkezpena edota Ainara Azpiazuren komiki tailerra bideratu zuten.
“Harira batuz, bidea eraiki” aldarripean, Aztarrikaren eskutik Gazte Eguna egin zuten Usurbilen.
Maiatzean egindako Euskaraldirako prestaketa lanek aurrera jarraitu zuten, Ahobizi eta Belarriprestei zuzenduriko izen-ematea irekita. Euskaraldiaren pankarta ere eseki zuen ekimena herrian sustatzeko osaturiko herritarren batzordeak.
Azoka solidarioa egin zuten, aurrez landuta zuten elkartasun proiektuaren baitan Udarregi ikastolako LH 6. mailakoek DYA laguntzeko.
Kutlur ekitaldien artean izan genuen baita NOAUA! K.E.-k antolaturiko Laburbira.
Azkenik, Zubietan sortutako kantari Amaia Zubiriak Monzon-Ganuza Saria jaso zuen, "euskal kulturari eta musikagintzari egindako ekarpen paregabeagatik".
Ezbehar bikoitza
Zeresana emandako bi ezbehar izan genituen martxoan. Batetik, martxoaren 8an bi gaztetxo elektrokutatu ziren Osinalde industrialdeko Erribera kaleko goi-tentsioko dorre batera igo ostean. Astebetez egoera larrian izan eta gero, haietako bat zendu egin zen.
Bestalde, inauterien asteburua igaro berritan, txirrindulari bat hil zen N634 errepidean Bizkarre ondoan, kamioi batek harrapatuta. Astebete geroago, ezbehar hura salatu eta txirrindulariekiko errespetua galdegiteko mobilizazioa egin zuten N634 errepidean barrena, Atxega jauregian hasi eta istripua izandako lekuraino, “Nahikoa da! Errespetatu txirrindulariak. Pakea beti bihotzean” aldarripean, astebete lehenago bertan zendutako Tolosaldeako Lanbide Heziketako zuzendari Iñaki Pakea Arsuaga 53 urteko Ibarrako bizilagunaren omenez.
Gertaeren atala borobiltzeko, Udalak Munalurran zabalik duen ikasgelan izandako kalte materialak tarteko, horri buruzko bilera deitu zuen erabiltzaileekin.
Herri zaintzailea
Udal egitasmoei dagokienean, askotariko sorterrietako herrikideen harremantze eta elkar ezagutza sustatzen duen HarEman egitasmoari lotutako berrikuntzak (iraunkortasuna edota taldeko mentoretza) aurkeztu zituzten agerraldi bidez, haren sustatzaile Usurbilgo Udalak eta Zabalduz kooperatibak. Horrez gain, atzerritartasun gaietarako doako aholkularitza juridikoa eskaintzen hasi zen Udala.
Bestalde, otsailean, Arrobitxulo elkargunekoek ordura arte eginiko lanketa plazaratu bazuten, zaintzari eskainitako jardunaldia izan zen martxoan, "Usurbil, herri zaintzailea" mamiz betetako ekitaldiaren bidez. Bakardade egoera hauskorrean diren adinekoei zuzenduriko egitasmo berria abiaraztera zihoazela iragarri zuten, Hurbilduz izenekoa, zaintza eredua eraldatzeko ahalegin betean jarraitzen zutela jakinaraztearekin batera. Osatuak dituzten lantaldeak aurkeztu zituzten, edota emandako urrats eta abiarazitako egitasmoak gogora ekarri; hala nola, herri zaintzailearen proiektuan herriko merkatari eta ostalariek eginiko ekarpena, HarEman egitasmoa, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektua, edota Ernai gazte antolakundeak gazteen artean bideraturiko osasun mentalari buruzko lanketa.
Aldarrikapenen hilabetea
Hainbat mobilizazio izan genituen martxoan. Hilaren 8ko Emakumeen Egunean, elkarretaratzea deitu zuen herriko mugimendu feministak “antifaxismoa feminista izango da edo ez da izango” aldarripean eta ekimen gehiago ere bai, hala nola, pintxopotea edota dj emanaldia tartean.
Egun horri begirako Udalak erakunde adierazpena onartu zuen.
Bizi duten prekaritateak Usurbilen ere duen eragina salatu zuten Donostiako suhiltzaileek.
Txapelketaz txapelketa
Kirolei lotutako albisteen artean, bederatzigarren Erregina Kopa eskuratu zuen Bera Bera taldeak eta bertan ziren Esther Arrojeria jokalariak eta Jon Begiristain entrenatzaileak.
ETB-ren “Harri Herri” txapelketaren hirugarren edizioa Saizar sagardotegian aurkeztu zuten. Harri-jasotze txapelketa horren 32 lehiakideen artean izan zen Usurbilgo Lur Errekondo.
Euskal Herriko Mus Txapelketako Gipuzkoako finalerako hiru bikote usurbildar sailkatu ziren.
Zubieta Joko Garbian nagusitu zen; hiru final saioetatik bitan txapeldun amaitu zuten zubietarrek, hirugarrenean txapeldunorde.
Bideak albiste
Eguraldia ere protagonista izan genuen urteko hirugarren hilabetean; kasu honetan, haizea. Zubieta eta Santuenea arteko bidea itxiarazi zuen martxoaren 20an, Amiri inguruko zuhaitz baten erorketak. Donostiako suhiltzaileek, bestalde, esku-hartzea egin behar izan dute Ezpaldiko gasolindegian.
Bideez ari garela, Kalapie elkarteak Aginagako trenbide-saihesbide berriak askatutako bidea bizikleta eta oinezkoen erabilerarako egokitzea eskatu zuen.
Bestalde, ezbehar baten eraginez hautsitako Igaratik Kalezarrera bidean den hegoaldeko zuhaitz-igelaren babesgunearen hesidura konpontzeko eskaera egin zuten.
Tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera
GuraSOSekin agurtu genuen martxoa. Espainiako Konstituzio Auzitegiak arrazoia eman ziola jakinarazi zuen elkarte horrek agerraldi bidez. "Auzitegi Konstituzionalak argi dio, GuraSOS seme-alaben osasuna, ingurumena eta gizartea orohar defendatzen ari da legitimoki".
Azkenik, Usurbil tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egin zion Usurbilgo Udalak Eusko Jaurlaritzari martxoa amaieran. Izan ere, azken urteotan, alokairuaren prezioa gehien hazi zen udalerrien artean zerrendatu zuten Usurbil, %19,90-ko igoerarekin.
Martxoko argitalpenak
Martxoaren 7ko 1025. NOAUA!
Martxoaren 14ko 1026. NOAUA!
Martxoaren 21eko 1027. NOAUA!
Martxoaren 28ko 1028. NOAUA!