Ez zegoen aurrekaririk, beraz, ezinbestean marka bat ezarri zuten, baina ez edozelakoa. Estreinakoz Ibai-Ondo Backyard erronka antolatu zuten apirilean Santuenean. Hilabete hartan, hilaren 12an goizeko 8:00etan irten ziren parte hartzaileak, ehun pasatxo, Atallu, Santuenea eta Txokoalde lotzen zituen 6,7 kilometroko ibilbidea osatzera. Orduero egin behar zuten ibilbide hori, kaleratuak ez izateko. Bukaera argirik ez zuen ekimen berri honetan, itzuli gehien, Imanol Alesonek egin zituen, 41 guztira, ia 275 kilometro etenik gabe, 40 orduz. Erronka honekin, Santuenea jarduera horren nazioarteko mapan kokatua da apirilaz geroztik.
Elkartasunari bide egin zitzaion Santueneako erronkan, Gobernuz Kanpoko Erakunde hainbat laguntzeko baliatu zuten eta ekimen berria. Egun haietan, Donostiako Hiritarron Harrera Sarearekin bat egin zuten Gazte Lokalean bideraturiko laguntza bilketarekin Usurbilen.
Euskaraldiaren atarian
Maiatzean egingo zen Euskaraldirako prest agertu zen herritarren Hamaikakoa. Jendaurrean aurkeztu zuten apirilean. Mertxe, Gari, Valeria, Jon, Jose Ramon, Cati, Ibon, Estitxu, Alizia, Antton eta Modu aritu ziren aste haietan, gainerakook geure hizkuntza ohituretan eragiteko xaxatzen.
Euskararen aldeko oldarraldiak segi zuen artean. Izan ere, udaletan euskara lehenesteko aukera eragotzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.
"Amets"
Herri bizitzari lotutako hitzordu gehienak apirileko lehen hamabostaldian egin ziren, udaberriko oporren aurretik; tartean, Dantza Eguna. Usurbil, Zarautz eta Lezoko dantzari gaztetxoen topaketarekin ekin zioten hamahirugarren edizioari. Bazkari herrikoia egin zuten Askatasuna plazan, erromeri giroan murgildu ziren gero Artzabalen eta eguna, aurreko hilabeteetan ondutako “Amets” herri ikuskizuna estreinatuta borobildu zuten. "Herrigintzan ez bagara aritzen, herri hau ez dugu aurrera aterako", gogorarazi zuen Orbeldik, emanaldi haren amaieran.
Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ere ospatu zuten, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera, Sutegi udal liburutegian. Ekitaldi zikloa antolatu zuen Sutegitik irten gabe Nafartarrak taldeak; Eneko Bidegainen "Kepa Anabitarte: bizitza bat herriari eskainia" eta Joxe Mari Esparzaren "Zumalacárregui y la República de los Pirineos" liburuak aurkeztu zituzten eta "Lurretik lurrera" Québec eta Zuberoa bateraturiko kantaldia oholtzaratu zuten.
Espero gabeko itzalaldia
Egun-argitan ilunpean geratu ginen apirilaren 28an. Penintsulan izandako itzalaldiak gurean eragina izan zuen, baina beste hainbat lekutan baino iraupen laburragoan, ia ordubete iraun zuen eta. Itzalaldi historikoa izan zen. Argitzeke da egun, zerk eragin zuen.
Kirolak
Hainbat kirol albiste bildu genituen apirilean. Usurbil K.E.-ko senior mutilen taldea maila igoerara begira jarri zuten irabazitako azken neurketa erabakiorrek. Mikel Arroyo nagusitu zen Gipuzkoako Bola Txapelketan. Esther Arrojeriak denboraldi amaieran eskubaloia utziko zuela iragarri zuen.
Lur Errekondoren Ibiur taldeak ETB-ren "Harri Herri" lehiaketako txapeldunorde amaitu zuen.
Posturik gorenean segi zuen Usurbil Judo Klubak. Espainiako txapelketa irabazi eta kirol talde berak posturik gorena erdietsi zuen baita Euskadiko txapelketan.
Horrez gain, udaberriko oporraldi betean, Usurbildik Arantzazura oinez joateko ohitura berritu zuen herritar talde batek. Aspaldiko lagunarte jendetsuena izan zen.
Aitortzak
Zenbait aitortza jaso zituen Udalak. Usurbilgo herriaren lana aitortu zuten Inklusibotasunaren eta Aniztasunaren Europako Sariketan. "50.000 biztanle baino gutxiagoko hiriak" kategorian, zilarrezko saria eskuratu zuen Bruselan. Horrez gain, 2023an lau izarreko Zero Zabor Udalerri izendapenaren ziurtagiria eskuratu zuen udalerri honek. Haren oroigarria jaso zuen Udalak Bartzelonako "Residu Zero – Zero Waste Festival jaialdian".
Udarregi ikastolak, bestalde, STEM proficient izendapena jaso zuen.
Protestak
Aurreko hilabeteetako greba egunekin segi zuten apirilean hezkuntza publikoan. Artean, bizi duten prekarietatea salatu, lan-baldintzak duindu eta baliabide gehiago eskatzeko mobilizazioetan segitzen zuten Usurbili ere zerbitzua eskaintzen dioten Donostiako suhiltzaileek. Bizi duten egoeraren berri eman zieten apirilean, Usurbilgo, Astigarragako eta Hernaniko alkateei.
Palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzeko, bestalde, Gernika-Palestina herri ekimenak Euskal Herrian deitutako mobilizazioekin bat egin zuen beste behin Usurbilgo herriak, "Lurra. Justizia. Bakea. Genozidioa Stop" aldarripean.
Azkenik, iaz bezala, Usurbil eta bertako kultur-etxe Sutegi hautatu zuten Gipuzkoako pentsiodun antolatuek, Duintasunako kideek, biltzeko.
Udalbatzaren erabakiak
Udalak jakinarazi zuenez, %84,86ko gaikako bilketa izan zuen Usurbilek iragan urtean, 2024an. Udalbatzak hartutako erabakiei dagokienean, ezkontza zibilak arautzea erabaki zuen, Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremurako taxi tarifa ehuneko berean handitzea.
Haur eskola partzuergoan txertatzearen aldeko mozioa onartu zuten. Horrez gain, larrialdietara bideraturiko etxebizitzen ordenantza hasieraz aldatzea onartu zuen udalbatzak.
Azkenik, Haraneko entsegu lokalen erabilerarako ordenantza behin betiko onartua geratu zen eta 2024ko udal aurrekontuaren likidazioak emaitza positiboa izan zuela jakinarazi zuten.
Apirileko argitalpenak
Apirilaren 4ko 1029. NOAUA!
Apirilaren 11ko 1030. NOAUA!
"Ametsen dantzan" izeneko 65. Herrira Begira
Euskaraldira begirako gehigarri berezia