Urte amaiera honetan ere hizpide dugu angularen arrantza. Zenbait hedabideren arabera, Euskadiko Anguleroen Elkarteak bide judiziala abiatu asmo du, Eusko Jaurlaritzak 2025-26 denboraldiko angularen arrantza-kanpaina bertan behera utzi ostean.
Hilabete honetan, Eusko Jaurlaritza anguleroen elkartearekin bildu zen. Jaurlaritzaren arabera, "bilera horretan, idazteko dagoen Angularen Kudeaketarako Plan berriaz eta arrantza eteteagatik egon litezkeen ordainsari ekonomiko posibleez" hitz egin nahi zuen.
Angula arrantzatzea debekuari eusteko asmoa zuen, "espeziearen egoera kritikoaz ohartarazten duten txosten zientifikoak kontuan hartuta. Izan ere, argitara emandako ikerketen arabera, euskal ibaietan dauden angulen kopurua 1970eko eta 1980ko hamarkadetakoaren %9,5era baino ez da iristen".
Testuinguru horretan, "espeziearen narriadura geldiarazteko lankidetza eskatu" zion Jaurlaritzak anguleroen elkarteari, "Azti zentro zientifikoari, bai Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundiei, eta baita sektore ekologistari ere" egin bezalaxe, "Angularen Kudeaketa Plan berria diseinatzeko zereginean" parte harteko aukera eskaintzearekin batera.
Aipatu moduan, ordea, zenbait hedabideren arabera, bide judiziala abiatzeko asmoa agertu du Euskadiko Anguleroen Elkarteak. Jaurlaritzatik konponbiderako proposamen zehatzik jaso ez dutela argudiatuta. Gaineratu dutenez, EAE-n soilik dago indarrean debeku hori, beste erkidegoetan baimendua dago angula arrantzatzea eta zentzugabetzat irizten dio neurri hori.
Angularen arrantza jasangarria bideragarritzat jotzen du aipatu elkarteak. Orioko GUKA hedabidearen bidez jakinarazi dutenez, "proposamen zehatza ere badute, angulak harrapatu eta ibaien goiburuetan askatzea, aingira bihurtu arte, eta ondoren, aingirei itsasora bueltatzen laguntzea", elkartekoen esanetan Europak dioen moduan. Horretarako, ibaiak naturalizatzea ezinbestekotzat jotzen dute.
"Amore ez ematea"
Gai horren harira, Eguzki talde ekologistak bere garaian egin bezala, gogorarazi du berriz, "2025-2026ko angula-kanpaina bertan behera uzteko erabakia derrigorrezkoa zela, eta, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak egin zezakeen gutxienekoa zela".
Jaurlaritzari "Euskadiko Anguleroen Elkartearen presioen aurrean amore ez ematea" galdegin diote. "Izan ere, elkarteak kosta ahala kosta arrantzatzen jarraitu nahi du, espeziearen gainbehera izugarria frogatzen duten datu zientifikoei jaramonik egin gabe. Datu horiek “eztabaidaezinak” dira, Arrantza kontseilariorde Leandro Azkuek orain dela gutxi Eusko Legebiltzarrean agerian utzi duen bezala".
Eguzkik Jaurlaritzaren erabakia derrigorrezkoa dela dio. "Jaurlaritzak esan du erabakia “azken txosten zientifikoetan oinarrituta” hartu duela. Ados. Baina azken txosten horiek zientzialariak aspalditik esaka ari direna berrestera datoz". Gogora ekarri du Eguzkik, "EBren 2023ko Erregelamenduak, aingiraren egoera kritikoa ikusita, arrantza profesionala are gehiago mugatu eta aisialdikoa debekatu" zuela.
Ordura arte, "aisialdikoa zen Bizkaian eta Gipuzkoan legez egin zitekeen angula-arrantza mota bakarra. Anguleroek orduan sortu zuten elkartea, eta horrekin, eta horrekin soilik, negoziatu zuen Jaurlaritzak profesionalizazio-dekretua. Horren bidez, eta EBren Erregelamendu berrira egokitzeko aitzakian, Jaurlaritzak iskin egin nahi zion angularen aisialdiko arrantzaren gaineko debekuari. Klientelismo adibide garbi gisa salatu genuen".
"Egoera kritikoan"
Eguzkiren esanetan, "espeziea egoera kritikoan, segurtasun-muga biologikoetatik kanpo" dagoelako. Datu zehatzak eman ditu; "gure errioetan gaur egun doi-doi iristen dira 70 eta 80ko hamarkadetan iristen ziren angulen %9a. Iaz, Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantza-kuota, irizpide zeharo arbitrarioen arabera ezarritakoa, 550 kilokoa izan zen. Bada, horietatik 200 ere ezin izan ziren arrantzatu, anguleroek berek lonjan deklaratu zutenaren arabera, behintzat. Eta kontuan hartu behar da arrantzarako egunik aproposenak aukeratu zirela".
Horrez gain, "arrantzatzen jarraitzeko lege-arazo potoloa zegoen: Arartekoak ekainaren 4an gai honi buruz argitaratu zuen ebazpen bat, ia puntuz puntu ekologistok defendatu dugunarekin bat datorrena. Ebazpen hartan Arartekoak egurra eman zion Jaurlaritzari, gogotik eman ere. Ohartarazi zuenez, Jaurlaritzak angularen inguruan onartu zuen profesionalizazio-dekretuaren “helburu nagusia (hau da, espeziearen arrantza profesionalizatzea) ez dator bat Europar Batasunean alor honetan indarrean dagoen erregulazioaren helburu nagusiarekin (hau da, aingira babestea)”. Arartekoak gehitu zuen ez zegoela Jaurlaritzaren erabakia justifikatzen zuen txosten zientifiko eta teknikorik. Gauzak horrela, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailari gomendatu zion “angularen arrantzaren erregulazioa berrikustea susta dezala, EBko zuzenbidetik eratorritako aingira europarraren populazioa berreskuratzeko eskatzen diren neurrietara egokitzeko”.
"Egin zezakeen gutxienekoa"
Jaurlaritzak hartutako erabakia egin zezakeen gutxienekoa dela dio Eguzkik. "Kontseilariordea Parlamentuan kanpainaren suspentsioa defendatzen entzutea “arraroa” egin zitzaigun. “Arraroa”, erabili zituelako ekologiston argudioak, 2023tik angula-arrantza profesionalizatzeko dekretua izapidetzen hasi zenetik entzun nahi izan ez dituen argudio horiexek. Baina “arraroa” izan ala ez, ez dago bueltarik: txosten zientifikoek agerian uzten dutenez, Angula Kudeatzeko Plana 2008tik indarrean dagoen arren, “ez dago espeziea suspertzen ari den zantzurik”, “ez gara EBren helburuetara hurbiltzen ari”, eta “arrantzaren ondoriozko hilkortasunak ere behera egin ordez gora egiten jarraitzen du”. Errealitatea “egoskorra” dela esan zuen kontseilariordeak, eta datuak “eztabaidaezinak”, “ukaezinak”. Horregatik esaten dugu Jaurlaritzak kanpaina bertan behera uztea zela egin zezakeen gutxienekoa, zeren eta, datuak ikusita, askoz logikoagoa baitirudi aingira zuzen-zuzenean Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartzeko izapideak egiten hasteak".
"Katea apurtu egin behar da"
Testuinguru honetan, agintariei beharrezkotzat jotzen du eskatzea "legea ezkontzeko behingoz espeziearen egoerarekin. Baina arrantzaleek beren erantzukizuna ere badute. Arrantza ez da aingiraren gainbehera eragin duen faktore bakarra, ados, baina bada faktore erabakigarri bat, eragin zuzen eta sendoa duelako espezieko kumeengan".
Arrantzaleek soilik ez, Eguzkiren esanetan, "salerosketan ibiltzen direnek ere badute beren erantzukizuna, tartean, sukaldariek. Batzuk, adibidez Andoni Luis Aduriz, aspaldi konprometitu ziren espeziarekin. Beste batzuk ez, espeziea komertzializatzeko debekurik ez dagoela argudiatuta. Eta angulen kontsumoaren apologia modu lizunean egiten duenik ere bada".
Horregatik, Eguzkiren arabera, "aingira erremediorik gabe desagertzera arrastatzen duen katea apurtu egin behar da, ahal den azkarren eta ahal den katebegi guztietan, baita kontsumitzaileenean ere, noski. Eta horretarako hauek dira urteko egun aproposenak. Deitu planetarekiko enpatia, edo, besterik gabe, sen ona, zentzu pixka bat: 100 gramo angula osatzeko, 250-300 ale behar dira, 250-330 aingira-kume, alegia. Ez jan biodibertsitatea mokaduka, kiloa 1.000 edo 1.200 eurotan ordain badezakezu ere".