Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbao Arena bete zuen iragan larunbatean, abenduaren 27an, "Pizkundea" ekitaldian. Hitzordua bideoz grabatu eta sarean eseki dute, albiste honi atxikia duzue.
Kontseilutik jakinarazi dutenez, "balorazio positiboa eta baikorra egin dugu, eta aurrera begirako erronketan jarri dugu fokua". Eskerrak helarazi nahi dizkiete, hitzordura joandako "6.500 lagunei eta herriz herri inplikatu diren euskaltzaleei. Baita babesa eman eta bertaratu ziren erakunde, alderdi, sindikatu eta eragile guztiei; ekitaldian parte hartu zuten musikari, aktore, kulturgile eta sortzaileei; eta antolaketa, produkzio, azpiegitura, logistika, segurtasun zein komunikazio lanetan aritu diren ehunka langile eta boluntarioei ere" eta nola ez, "esker bereziak eman dizkiegu Kontseiluaren hezur-mamia diren bazkideei, bidelagun izan direnei, «Euskaltzaleon garaia da» adierazpenaren sinatzaileei, eta egunez egun euskararen alde, bakoitzak bere erara, egiten duten pertsona guzti horiei. Eskerrik asko!".
"Euskaltzaleok ekiteko garaia da"
Ekimenak izandako harrerak erakutsi du, "jende askorengan oso txertatuta dagoela euskaltzaletasuna, badagoela gihar hori indartzeko gogoa eta premia. Badagoela hizkuntzaren auziaz hitz egiteko, euskarak sortzen digun kezkaz hitz egiteko, eta elkarguneak sortzeko beharra".
Ezinbestekotzat jotzen dute hori. "Izan ere, azken ikerketa eta datuek erakusten duten euskararen larrialdi egoerari erantzuteko ezinbestekoa da euskaltzaletasuna indartzea". Bide horretan lanean segi asmo du. "Euskaltzaleok ekiteko garaia da: toki guztietan antolatzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, euskara eta euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko garaia. Horretarako proposamen bat aurkeztu dugu Kontseiluak", gogorarazi dute. Euskaltzaleon gida izena du, "www.pizkundea.eus webgunean ikus daitekeena".
Horrekin batera, irailean aurkezturiko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza proposamena ekarri dute gogora, "euskararen ezagutza orokortzea eta erabilera normalerako baldintzak sortzea helburu dituena. Gizartean duten erabakimen eta eragin gaitasunetik, Kontseiluak erakundeei eta indar politikoei eskatzen die proposamena aintzat har dezatela".
Izan ere, "euskalgintzak aspalditik aldarrikatu dugun bezala, euskararen biziberritzeak aldaketa sakon bat behar du, hizkuntza-politiketan jauzi bat, adostasun sozial eta politiko berri batean oinarrituko dena. Euskaraz bizitzeko behar diren baldintzak bermatzeaz gain, egun indarrean dauden minorientzako politiken paradigma gainditu eta euskararen normalizazioa gizarte osoaren eginbeharra bilakatuko duena". Horrez gain, "ekitaldian ekarpena egin zuten kulturgileek erakutsi zuten euskaratik eta euskaraz sortutako kultura ezinbesteko unibertsoa dela euskarak aurrera egingo badu, eta euskara biziberritzeko ezinbestekoak direla euskarazko kulturaren aldeko kultur-politika sendoak egitea".
Azken proposamen bat ere plazaratu zuten "Pizkundea" ekitaldian. "Datorren ekainaren 13an Iruñea euskaltzale guztien bilgune bilakatzeko mobilizazioa deitu dugu Kontseiluak. Gorde data! Datozen hilabeteetan zehar ezagutzera emango ditugu xehetasun guztiak".