2025ari gainbegiratua

Urtemuga eta garaipenen ikasturte amaieratik festa girora igaro ginen ekainean

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 30a

Ikasturten amaierako ekitaldien eta uda hasierako ospakizunen artean joan zitzaigun ekaina.

Zubiak izan genituen hizpide hilabete hasieran; Txokoaldekoa itxi egin zuten birgaitzeko eta auzora sartu nahiz irteteko ibilbide alternatibo bat egokitu zuten erriberatik barrena. Bestalde, Etxealdikoa jarri zuten, tren geltoki berriarekin lotuko duena.

Ekainarekin, gainera, ikasturte amaiera heldu zen ikastetxe eta eragileentzat. Buztinzulokoek sorkuntza lanak Sutegin erakutsiz agurtu zuten denboraldia, azkenaldian jokatutako txapelken finalekin eta haien amaierako talde argazkiarekin Pagazpeko gaztetxoek. Aginagako eskolak ikasleen trebezien erakustaldiarekin agurtu zuen ikasturtea Eliza Zaharreko oholtza gainean. Udarregik ekainaren 7an ospatu zuen Ikastola Eguna, ohi bezala, jolasekin, ikasleek eginiko ikasturteko proiektuen erakusketarekin, HH-koen dantza saioarekin eta ikastolako komunitatea elkarturiko bazkari jendetsuarekin. Ikastolara bertara eraman zuen, bestalde, Jexux Artze K.E.-k txalapartaren kultura helarazteko jardunaldia, Kimu txalaparta taldekoen eskutik.

Orbeldik, nola ez, herrian barrena dantzan agurtu zuen ikasturtea eta eman zion ongi etorria uda parteko festetako erakustaldien garaiari.

Urtemugaz urtemuga
Ikasturte amaiera bereziena, ordea, Zumarte Musika Eskolak izan zuen. 40. urtemuga ospakizunen zikloa borobildu zuen; lehenbizi, bertako ahotsen kontzertuarekin, kantu teknikako kideen kontzertuarekin edota Altsasuko eta Usurbilgo saxo taldeek eginiko girotze kalejirarekin. Ibilaldi musikatu batekin amaitu zuten ikasturte berezia ekainaren 14an. Bi orduko kalejiran, eskolak izandako bilakaera, historia ezagutzeko aukera izan zen, bertako kideek musikaturiko hitzorduan.

Urtemuga ziklo hori agurtzerako beste batena abiatu zen. Izan ere, 50 urte bete ditu Zubietako Lanbide Eskolak. Ziklo hari ekainean eman zioten hasiera, mende erdi lehenago, ikastetxe hau sortzeko lehen hazia jarritako leku berean, udaletxean. Udalbatzak erakunde adierazpena onartu zuen.

Jardunaldiak
UEU-ren udako ikastaroen baitako "kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen" izeneko Jakin Jardunaldia egin zuten Artzabalen. Besteak beste, herri kooperatiba zenbaitek hartu zuten hitza; tartean, Aginaga Biziberritzen egitasmoaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan zen. Esperientzien truke-azoka ere egin zuten. Paraleloki, UEU-k bere 53. udako ikastaroetako bat Potxoenean egin zuen baita, EHKOlektiboarekin lankidetzan antolaturiko "Irizpide agroekologikoak definitu eta gizarteratzeko tresnak: Berme Sistema Parte hartzaileak" izeneko ikastaroa hain zuzen.

Aginaga Biziberritzen egitasmoa aipatuta, guztira, 40 pertsona inguru batu ziren Eliza Zaharrean eta besteak beste, Aginaga Biziberritzen ekimena abiatu zuen talde motorrak. Herritarrei prozesuaren eguneratze bat gauzatzeko tartea baliatu zuen.

Jaien hasiera
Ikasturte amaierarekin, uda hasierara begira jarri ginen eta, beraz, festen denboraldira. Garai horri begira, jai eta aisialdi guneetako indarkeria matxistaren aurreko jarduketa protokolo eguneratua aurkeztu zuten lanketa horretan inplikatutako eragileek eta Usurbilgo Udalak.

Usurbilgo jaien atarian, gainera, Lauburu Usurbilgo erraldoi eta buruhandien konpartsak sei buruhandi berri aurkeztuko zituela iragarri zuen, Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatzeko eginiko ekitaldiaren baitan.

Haiek denak zeuden, festak jendaurrean aurkezteko bigarren urtez segidan jai batzordeak Mikel Laboa plazan eginiko aurkezpen ekitaldian. Bertan ezagutarazi zuten lehiaketa bidez erabakitako egitarauaren diseinua eta haren egilea, Unai Lopez Collantes. Berarekin batera, jakinarazi zuten baita nortzuk emango zieten hasiera ofiziala festei: 40 urte betetako Zumarte Musika Eskolak eta Ziortza Gazte Elkarteak.

Kalezar, jaietako lehen geltokia
Usurbilgo jaiak heldu aurretik, festen denboraldian estreinakoz barneratutakoa Kalezar izan zen, Pelaioeneako balkoitik jaurtitako txupinazoarekin. Bost egunez, Iñaki Agirresaroberen diaporama jendetsua, kontzertu gauak, haur jolasak, oilasko biltzaile txikien itzulera, auzotarren arteko jokoak edota estreinakoz, buruhandiekin batera, Lauburuk Udalarekin sinaturiko lankidetza hitzarmenaren baitan, erraldoiak ere ikusi genituen dantzan Kalezarren. Eta nola ez, ekainaren 23ko eskearen baitan, gaua argitu zuen piztea kostatako sutzarrak.

Santuenean ere piztu zuten sua, aurreko tartea ere girotu zuten baita auzoan barrena, jolasean, kantuan eta dantzan.

Santuenea lehenago euriak blaitu zuen. Izan ere, eguraldia hizpide izan genuen ekainean. Ekainaren 13an, gauerdiaren bueltan izugarrizko euri-jasa egin eta uholde txikiak eragin zituen herri erdiguneko zenbait lokal komertzialetan edota Santuenean, zenbait etxe atarietan.

Garaipenak
Kiroletan, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren ehungarren urtemugari gorazarre egiteko errebote neurketa historikoa jokatu zen Donostiako udaletxe atarian, Alderdi Ederren, besteak beste, Zubietakoen parte hartzearekin. Bera Bera eskubaloi taldeak hamargarren liga irabazi zuen Esther Arrojeriaren agurrean. Usurbil K.E. ko senior neskak Gipuzkoako Kopako txapeldun amaitu zuten denboraldia. Ibai-Ondo Backyard erronkakoek atari berria ireki zuten sarean.

Maiatzean hasi eta ostiral gauetan frontoia giroturiko Aztarri Cup txapelketaren azken neurketak jokatu ziren ekainean frontoian. Kirolari Txartela ere aurkeztu zuen Usurbilgo Udalak, Oiardora abonatzeko modu berria.

Azkenik, elkartasunari tokia egin zion herri honek ekainean, 5. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioan. Goiza euritsu joan arren, parte hartze marka hautsi zuten 600 partaide ingururekin, 68 herrikide ziren lasterkarien artean. Une hunkigarririk bizi izan zuten, gainera; iaz zendutako antolakuntza taldeko kide Juanlu omendu zutenean.

Lan gatazkak
Elkarren alboan ziren bi lantegietako langileek grebara jo zuten ekainean; Igepak eta Tremefil-Izagirre lantegietakoak hain zuzen, lan-hitzarmen duina exijitzeko. Osinalde industrialdean barrena mobilizazio bateratu bat ere egin zuten. Uztaila hasierarako adostasunera heldu ziren tokian tokiko zuzendaritza taldeekin. Handik gertu, konpontzeke segitzen zuen Ucin lantegiaren isuriei buruzko bilera deitu zuen Anerreka ingurumen elkarteak Potxoenean.

Mobilizazioekin segita, Donostiako ospitaleak denontzako doako aparkaleku duina izateko Doako Parkinga Denontzat plataforma sinadurak biltzen aritu zen anbulatorio atarian.

Sariketak
Sariketa zenbait ere izan ziren ekainean. Batetik, Jaione Bengoetxeak Ingeniaritza eta Arkitektura saileko Ikergazte saria irabazi zuen "Euskara eta gaztelaniazko kontra-narratiben sorkuntza: datuen sorrera eta ebaluazioa" lanarengatik. Etumeta AEK euskaltegiak, bestalde, bere hirugarren literatura lehiaketako sariak banatu zituen. Hamabi egileren hamahiru lan aurkeztu ziren, Larraitz Agirre Goibururen "Zer nahi du Laiak?" sorkuntza lana gailendutako edizio horretan.

Udalbatzak palestinarren aurkako genozidioaren gaitzespen "irmo eta ñabardurarik" gabekoa bildutako mozioa onartu zuen. Horrez gain, herri-bideen erabilerari lotutako udal ordenantza edota ezkontza zibilak arautuko dituena behin betiko onartutzat jo zituzten. Ugaritzen doazen larrialdi egoerei aurre egiteko plagintza ere berritu zuen udalak. Ia 620.000 euroko kreditu aldaketa ere onartu zuen udalbatzak, hartutako konpromisoei nahiz erronka berriei heltzeko.

Azkenik, Hurbilago elkarteak 2026tik aurrera beharrezkoak izango diren larrialdi gailuak eskuratzeko kanpaina abiarazi zuen. Egin beharrekoa erraza zen; erosketak herrian egitea.

Ekaineko argitalpenak
"Buztinzulo" izeneko 66. Herrira Begira
Ekainaren 6ko 1036. NOAUA!
Ekainaren 13ko 1037. NOAUA!
Ekainaren 20ko 1038. NOAUA!
Ekainaren 27ko 1039. NOAUA!