Urteko zazpigarren hilabetean barneratzearekin batera ekin genion Usurbilen jaien “Aste Nagusiari”. Izan ere, uztailaren 1etik 7ra festen ziklo betean izan zen herri hau. Urteurren bera partekaturiko bi eragileek izan zuten jaiak hasteko ohorea; 40 urte betetako Zumarte Musika Eskolak eta Ziortza Gazte Elkarteak. "Sekulakoa da herriarengandik halako aitortza jasotzea", nabarmendu zuten. Jasotako eskertza bueltan itzularazi nahi izan zioten herriari.
Hasiera ekitaldi hark bazuen beste osagai erakargarri bat ere, udaletxe aurreko plazan banatzen aritu ziren paparrean eramateko moduko ipurtargia, argia egiten zuena. Jokin Eizagirre herrikideak sortutakoak ziren, baita tamaina handian Potxoenea atarian esekitako jaietako zaindaria, maskota ere. Horrek ere gauero argia egiten zuen.
Sorkuntza lan honi egin zion keinua festen txupinazo ekitaldian, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. "Arindu burua eta aurten inoiz baino gehiago, argitu bihotza!".
Berrikuntza gehiago ere aurkeztu zituzten une berean, Usurbilgo ereserkiaren erritmora. Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandi Konpartsa berritua plazaratu zuten estreinakoz, herri nortasunari estuki lotutako sei buruhandi hain zuzen, hiru animalia eta hiru ogibide irudikatuko dituztenak guztira; aharia, basurdea, oilarra, errotaria, anguleroa eta arotza. Haiekin guztiekin estreinako herri kalejira egin zuten herri erdigunean barrena.
Kalejira horren amaiera, eguneko bigarren txupinazoaren abiapuntua izan zen, gazte mugimenduak txosna eremutik jaurtitakoa. Trump, Meloni, Netanyahu, Abascal, Milei... gonbidatu edota hilkutxan eramandako Franco bera ere berpiztu zuten, bertako oholtzan eginiko agintarion “goi-bileran”. Parodia horren amaieran, jakinarazi zutenez, "denon bizitzak defendatzeko prest dagoen belaunaldia gara, faxismoa lurrazpira eramango duena".
Sei jaiegun
Hortik aurrera, etenik gabeko denetariko sei ospakizun egun bizi izan genituen Usurbilen. Etorri ziren oilasko biltzaileak. Ibili ziren haurrak jolasean. Helduenak Atxegan bazkari baten bueltan elkartu ziren.
Festetako oholtza bizi asko izan zen gauero, tartean, herrikideak kide izandako emanaldiekin; hala nola, Bertsio Gau arrakastatsua ospatu zen. Egunez ere ez zen musikaz blaituriko kalejirarik falta izan; Triku trikititixa taldekoen, joaldunen edota Ondoezik elektrotxaranga taldekoen eskutik, besteak beste. Orbeldikoek gogotik egin zuten dantza. Eta dantzan egin zuten gogotik Tapia eta Leturiarekin. Palestinar herriarekin bat egiteko tartea ere hartu zuten herritarrek.
Marka hautsi zuen zikiro janak edota soka-dantzak. Txupinazoko omenduekin Zumarte Musika Eskola eta Ziortza Gazte Elkartekoekin plazaratu ziren udal ordezkariak.
Lehiarik ez zen falta izan toka, igel, bote edota mus txapelketetan, pilota txapelketen finalean edota herritarren arteko herri kirolen erakustaldian.
Ipurtargien dantza argitsuarekin agurtu genituen festak. Sutarako prest jarri arren, euria tarteko, ez zen sutan desegin, ordea, ipurtargia.
Alkate aldaketa eta jaiak Zubietan
Usurbilgo jaien lekukoa Zubietak hartu zuen hilabete amaieran. Hilaren 24tik 31ra haien "Aste Nagusia" ospatu zuten, gazteen arteko desafio, errebote partida, haurren jolas, oilasko biltzaile eta ekintza gehiagorekin. Jubilatuak, gazteak, herria otordu hainbatetan bildu zituzten festa hauek, gautxoriak parranda gau bat baino gehiagotan. Halere, egunez ere ez zen hitzordurik falta izan, sagardo dastaketa, mus txapelketa, soka-dantza edota estreinakoz Andatzara eginiko txangoarekin.
Jaiak hasi bezperan, 2023-27 legealdia erdibidera helduta, ohikoa duten legez, alkate aldaketa gauzatu zuten. Gogoan izan, herri batzarrean bitan erdibidetzen dute legealdia. Lehen zatian, Usurbil aldeko alkatea izaten dute, Donostialdekoak hartzen du lekukoa gero. Kasu honetan, Haritz Arrizabalaga izan zuen alkate Zubietak uztailera arte, hortik aurrera, 2027an legealdia amaitu arte Jon Arroyo izango da alkate berria. Halere, bi alkateok kide dituen orain arteko talde berak gidatuko du herri batzarra 2027ra arte.
Euskararen aurkako oldarraldiaren segida
Hala da, gai horrek ez zuen oporrik izan uztailean. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak udaletan euskara lehenestearen aurkako epaia berretsi zuen. Horren aurrean, euskararekin bat egiteko mobilizazioa egin zuten udaletxe atarian.
NOAUA! K.E. kide duen Taupa mugimenduak adierazpena kaleratu zuen. "Orain da unea elkartzeko, erantzuteko eta agerian uzteko ez gaudela atzera egiteko prest" zioen. Bestalde, "batasunetik erantzun beharra dago" nabarmendu zuten agerraldi bidez, 200 alkate eta udal hautetsik euskalgintzako ordezkariekin batera, EAE-ko Auzitegi Nagusiaren Bilboko egoitza atarian. Euskararen erabilerak dagokion lekua behar duela berretsi eta hori bermatzeko beharrezko neurriak sustatzeko konpromisoa hartu zuten.
Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak
Txoko berria estreinatu zuen Sutegi udal liburutegiak; erabilera anitzeko gela egokitu zuten eta. Eraberritzen segitzen duten tren-geltokiko bigarren nasa ere erabiltzeko moduan jarri zuten uztaileko bigarren hamabostaldian.
Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak ere izan genituen hizpide uztailean. Haiek ezagutzeko aukera eskaini zuten Udalak eta Matiak. Zaintza behar dutenentzat eta haien zaintzaileek elkarrekin bizitzeko bizilekuak izango dira. Matiaren jabetzakoak dira sei etxebizitzok baina haietatik lau Usurbilgo Udalak alokairuan hartu zituen Usurbilgo herritarrentzat, biek (Matiak eta Udalak) izenpeturiko hitzarmenari esker. Instalakuntzak ezagutarazteaz gain, esleipen prozedura eta egutegia zehaztu zuen Udalak.
Mundu berri baten alde
Buruntzaldeko transmaribibolloek aste haietan eskualdean izandako eraso LGTBIAQ+ fobo eta arrazistak salatu zituzten. "Buruntzaldeko transmaribibollook argi utzi nahi dugu ekintza horiek guztiak eraso gisa ulertzen ditugula eta, ez Buruntzaldean ez inon, ez ditugula inolaz onartuko, ezta pasatzen utziko ere", nabarmendu zuten.
Bizipoza Elkarteak, bestalde, "Bizipoza. Mundu berri bat guztiontzat 2" diskoaren abestien koreografiak aurkeztu zituzten Potxoenean. Super H, Beroa elkartea, Bortzirietako Guztiok, ADEMGI, Gure Nahiak eta Gure Señeak, Chernobilen Lagunak, Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioa, Etiopia Utopia, GKEF eta Mindara eta Vass Sanfilippo elkarteek parte hartu zuten koreografiotan.
Kirolak
Alor horri dagokionean, Donosti Cup nazioarteko txapelketa jokatu zen Haranen eta Zubietan, finalerdietaraino heldutako Usurbil F.T.-koen parte hartzearekin. Finalaren atariraino heldu zen baita Plazandreak lehiaketan, Miriam Arrillaga Beloki.
Lehen nazional mailara igotzea lortutako Usurbil K.E.-ko senior mutilen taldeari, bestalde, multzoa eta lehen neurketak zehaztu zizkioten. Entrenatzaile aldaketa izan zuten gainera. Zumaiako Pulpo taldera joandako Xabat Beloki ordezkatu zuen Aitor Santosek.
Uztaileko argitalpenak
Uztailaren 4ko 1040. NOAUA!
Uztailaren 11ko 1041. NOAUA!
Uztailaren 18ko 1042. NOAUA!