2025ari gainbegiratua

Jai giroak auzoetan barrena biran segi zuen, sute batek agurturiko abuztuan

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 30a

Xanistebanekin hasi eta Atxegaldeko jaiekin agurtu genuen abuztua, Oiardo kiroldegian izandako ezusteko sutearekin batera.

Paperezko argitalpenik izan ez genuen opor hilabetean, bereziki auzoetako jaiak nagusitu ziren. Zubietako festak amaitu eta biharamunean ekin zieten Xanistebanei Urdaiagan, lagunartean egindako otordu, bertso saio, haurren jolas, mus edota patata tortila txapelketa edota herritarren arteko herri kirol erakustaldiarekin. Estreinakoz, Lauburu Usurbilgo erraldoi eta buruhandien konpartsak parte hartu zuen jaiotan, Zubietakoetan bezalaxe, baita hilabete amaierako azken asteburuan Atxegalden ospaturikoetan ere.

Han ere patata tortila eta toka txapelketekin amaitu ziren 48 orduko etenik gabeko festak. Haurrei zuzenduriko jolasak izan zituzten, kontzertu gauak, afari musikatua… Auzoa berpiztu zuten jaiok asteburu batean behinik behin.

Hutsik egiten ez duten hitzorduak
Bi izan ohi dira abuztuan, auzoetako jaiekin batera. Hasteko, Atxegalde parranda giroan murgildu bezperan egin zuen urteroko bilkura Baba Txiki Beltzaren Kofradiak Saizar sagardotegian. Urtero moduan, iaz iragarritakoa bete eta kofradekide izendatu zuten Xabier Carbayeda herrikidea.

Bestalde, Donostiako 86. Musika Hamabostaldiaren baitan, Paolo Oreniren organo kontzertua egin zuten Salbatore elizan. Emanaldi berezia, izan ere, Oreka Tx taldeko Harkaitz Martinez de San Vicenteren eta Itziar Navarroren txalaparta eta ahotsa izan zituen bidelagun.

Sutea Oiardon
Ezusteko batekin heldu ginen urteko zortzigarren hilabete amaierara. Oraindik bere onera itzuli ez eta normaltasunera bueltatzea kostako den sutea izan zen abuztu amaieran Oiardo kiroldegiko saunan. "Kiroldegia itxita egonda, suteen aurkako alarmaren bidez bertaratu ziren suhiltzaileak kiroldegira: pare bat ordutan egoera kontrolpean izan bazuten ere, guztira lau ordu inguru izan ziren lanean", berri eman zuen Udalak.

Suteak hainbat kalte eragin zituen. "kiroldegiaren azpiegituretan, saunan eta igerilekuetan ez ezik, baita goiko solairuetan ere, batik bat, azken solairuko aldageletan. Gainerako espazioak, garbiketa behar badute ere, egoera onean daude, nahiz eta erre usaina nabaria den ia eraikin osoan", azaldu zuen udalak.

Bakardade egoera arintzeko
Opor hilabetea izan ohi da askorentzat abuztua. Zerbitzuen etenaldiaren, itxialdien aste horietan areagotu daitekeen bakardade egoera arintzen laguntzeko ekimena abiarazi zuen Usurbilgo Udalak "zaintza ekosistemaren barruko zerbitzuen lantaldeak egindako proposamen bati tiraka". Astean behin, ostiralero eta bi orduz, hala nahi zuen herritar ororekin topagune bat eratu zuten paseo baten eta horren osteko kafetxo baten bueltan. Bataz beste 35 lagunek bat egin zuten astero deialdiarekin.

Hautatuak
Saritu bat ere ekarri zigun abuztuak. "Babes-sistema, haurrak eta eguneroko mintzamoldea. Harreman-mundu bat euskaratik eta euskaraz harilkatzeko ikerketa aplikatua" izeneko Odei Guiradoren ikerlan saritu zuen Euskaltzaindiak.

Bestalde, Joseba Larratxeren "Itsaso Handia" sortze lana hautatu zuten iraileko lehen bi igandeetan jokatuko zen Kontxako Bandera iragartzeko.