Arrobitxulo

"Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketak iruditan

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 9a

Abenduaren 26an amaitutako Arrobitxulo elkargunekoen topaketen berri duzue web orrialde honetan sortutako albisteen bildumaren estekan.

Askotariko eduki eta formatuak tartekatu zituen Arrobitxulo elkarguneak abenduaren 15etik 26ra antolaturiko "Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo Eraikitzen" topaketetan. "Egitarau anitza eta osatua, gaztetasunez, astialdiz eta kulturaz blaitua, herritar guztiei eskainia", zekartela aurreratu zuten aurkezpen ekitaldian. Sorkuntzara bideraturiko tailerrak antolatu zituzten bertako sortzaileen eskutik; komikigintzaren, bertsogintzaren edota joskintzaren bueltan. 50 lagunek eman zuten izena hitzordu horietarako. Berrerabilpena sustatzea ardatz zuen azoka egin zuten. Kantuan egin zieten harrera eguberriei. 

Arrobiltzarra
Bilkurak ere izan zituzten; euskal preso politikoei buruzko solasaldia eskainitako Harrera elkartearena Potxoenean, gazte feministena Mikel Laboa plazan, edota Arrobitxuloren eragileen artean den Gaztelekuan egin zutena. Izan ere, DBH eta batxilergoan diren gazteei aurkezten izan ziren hilaren 15ean, ziklo honen abiapuntuan, elkargunearen proiektua.

Zikloa aisialdiko eragileek, gazte mugimenduak edota Kulturguneak osatutako elkargunearen Arrobiltzarra eginda borobildu zuten. Orain arte jorraturiko bidearen balantzea egin eta datozen erronkak hartu zituzten ahotan. Amaieran, astebete lehenago auzolanean margotutako murala eseki zuten herri egitasmo hau kokatuko den anbulatorio ondoko zelaian. Musikaz blaitu zuten azken txanpa Ondoezik herriko elektrotxarangakoek, euskal abesti ezagunen doinuekin.

Aste horietan bizitakoa iruditan bildu genuen egun horietan. Albisteen bilduma osoa, esteka honetan duzue ikusgai: "Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen".