2025ak berea egin du. Urte zaharra agurtu eta berriari harrera egiteko hitzordu bat baino gehiago antolatu dira, Andatza gainean. Izan ere, urtarrilaren 1ean azken urteotan sendotzen joandako ohitura berrituko dute hainbat herrikideek, babeslekura igo, hamaiketako legea egin eta talde argazkia aterata.
Aurtengoan, aurre hartuko diete, ordea, Ziortza Gazte Elkartekoek. Hain zuzen, asteazkenean, abenduaren 31n, Andatzara irteera antolatu dute, "urtea ezinhobeto bukatzeko", sare sozialen bidez jakinarazi dutenez. Asteazken goizeko 9:30etan finkatu dute udaletxe aurreko plazan txangoa abiatzeko hitzordua, "elkarrekin 2025. urteari agur esan eta 2026ari ongi etorria egiteko".
Urte honen agurrean, eskertza helarazi nahi izan dute Ziortzatik, 40. urtemuga ospaturiko "urtean zehar antolatutako ekintzetan izandako parte hartze eta laguntza guztiagatik".
2026ari ere auzolanean ekingo diote. Izan ere, urtarrilaren 5ean erregeei harrera egiteko egunpasa antolatu dute. Aurretik, abenduaren 27ra arte, hitzordu horretan laguntzeko borondatea agertu eta antortxero gisa izena emana zutenentzako bilerak deitu dituzte hilaren 2an. "Bileran kabalkadaren funtzionamendua, ordutegiak eta egunean bertan beharko duzuen guztia azalduko da", jakinarazi dute Ziortza Gazte Elkartetik. Ohartarazi dutenez, "bertaratzea beharrezkoa izango da".
Ziortzakoen hurrengo deialdiak
Abenduak 31, asteazkena
09:30 Urtea agurtzeko Ziortzakoen irteera Andatzara, udaletxe aurreko plazatik.
Urtarrilak 2, ostirala
Antortxeroen bilerak:
17:30 DBH1ekoekin.
18:30 DBH 2, 3 eta 4koekin.
Urtarrilak 5, astelehena
11:00 Eskutitz tailerra eta muralaren irekiera.
12:00 Postariaren etorrera eta jolasak postariekin.
12:30 Postariari eskutitzak eman.
17:00 San Estebandik irteera.
19:30 Frontoira iritsi.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.