Hainbat mobilizazio izan genituen irailean, ezohiko zenbait deialdi tartean. Hasteko, abuztu amaieran Aranerrekan lapurreta egiteko asmoz emakume bat larriki erasotu zuen gizonezko batek. Eraso hau salatzeko elkarretaratze isil baina jendetsua egin zuten udaletxe aurreko plazan. Gertaera honen harira, udalbatza osaturiko hiru talde politikoek adosturiko adierazpena plazaratu zuten, erasoturiko emakumeari babesa agertu, gertaturikoa salatu edota erantzukizunez jokatzeko deia egiteko. “Herri abegitsu, seguru eta kohesionatuak eraikitzen jarraituko dugu”, zioen.
Usurbilgo anbulatorioak apiriletik falta zuen pediatria zerbitzu duina bermatzeko ere mobilizazioa egin zuten udaletxe atarian. Eskaera horren bueltan egituraturiko herritar taldeak, gainera, gehiengo osoz onarturiko mozioa aurkeztu zuen eztabaida bizia piztutako hilabete amaiera hartako udalbatzaren osoko bilkuran. Egun haietan, partzialki, ordutegi murriztuan martxan jarri zuten zerbitzua. “Usurbilgo familiek ez dugu utziko gure seme-alaben eskubideak defendatzeari”, iragarri zuten.
Lehenago, sirena hotsak piztu ziren iraileko lehen ostiralean, beste behin, palestinar herriaren alde. Kazerolada burrunbatsua egin zuten herri honen kontrako genozidioa salatzeko.
Ernai gazte antolakundeak ere "Ekin eta bultza, askatasunera!" aldarripean Donostian deitutako mobilizaziora joan eta bertan herri argazkia atera zuten. Egun berean, baina ordu pare bat lehenago ekin zion Errausketaren Aurkako Mugimenduak eragile sindikal, sozial eta politiko gehiagorekin batera, Alderdi Ederretik Kontxako hondartzara eginiko giza-katea, Zubietako planta itxi eta gaikako bilketa hobetzea galdegiteko.
Erreboteari gorazarre
Kiroletan, estreinakoz Usurbilgo lehen Raid-a antolatu zuen Andatza Endurance Kirol Klub berriak Urdaiagan. Egun haietan, erreboteari gorazarre egin eta haren bueltako kultura plazaratzeko asteburua antolatu zuten Zubieta Pilota Elkarteak eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak, Usurbilgo zein Donostiako udalen nahiz Zubietako Herri Batzarraren laguntzaz. Gainerako ekimenekin batera, hilabete hasieran abiatutako 62. Enrike Abril Errebote txapelketako neurketetako bat jokatu zen bertan. Estreinakoz, kirol jarduera hau ulertzeko azalpenak eman zituzten. Errebotea ikusi, entzun eta jokatzeko aukera izan zen. Zubietako herriak ekoitzitako “Errebotea, plaza joko baten muina” ikus-entzunezkoa estreinatu zuten, plaza ondoko totema inauguratu, edota errebotean jokatzeko aukera eman zitzaien bertaraturikoei.
Bestalde, Oiardo kiroldegia partzialki zabaldu zuten iraila hasieran, abuztu amaierako sutea gertatu eta astebetera. Ikasturte berrirako uretako ikastaroen eskaintzan abian zuten izen-ematea aldiz eten egin zuten, igerilekua erabiltzeko moduan izango ez zela ikusita eta igerilekua ireki arteko behin-behineko eskaintza plazaratu zuen Udalak.
Eskola kiroleko eta kirol munduko jarrera desegokiak eta lehiakortasun goiztiarra hizpide izan genituen baita uda amaieran. Gai horiei buruz hausnartzeko "Norgehiagoka" erakusketa ireki zuten, Sutegin.
2025-26 ikasturtea hasi berritan, Usurbil K.E.-k 2025-26 denboraldirako osaturiko taldeak aurkeztu zituen Sutegin; zazpi talde eta eskubaloi eskola, Usurbilgo eskubaloia goratzeko. Horrekin batera, uda hasieran berrituriko zuzendaritza taldea.
Kiroletako izen propio gehiago ere albiste izan genituen irailean. Iñaki Errastik beste urtebetez, Ondarroa gidatzen jarraituko zuela baieztatu zuen aipatu arraun elkarteak. Nahia Zudaire hiru domina eskuratuta itzuli zen Singapurreko Munduko Txapelketatik.
Azkenik, Markel Korta hirugarren postuan sailkatu zen Espainiako Boulderren txapelketan.
Bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuan
Etxebizitzari lotuta bizi dugun larrialdi egoera ere hizpide izan genuen irailean. Izan ere, martxoan Udalak eskatu eta maiatzean Eusko Jaurlaritza tramitatzen hasitako prozedurari baiezkoa eman zioten; Usurbil Astigarragarekin batera, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuan sartzea ontzat eman zuen Jaurlaritzak irailaren 12an. Egun berean, agerraldia egin zuten bi udalerriotako alkateek Denis Itxaso arlo honetako sailburuarekin batera. "Emergentziazko egoera bizi dugu eta egoerari aurre egiteko udalez gaindiko bestelako politika integral eta ausartak behar ditugu", aldarrikatu zuen Agurtzane Solaberrietak. Izendapena eskuratzeko egindako lanketa aurkeztu zuen; Usurbilen etxebizitza arloan dagoen egoerari buruz osaturiko diagnosia, baita 2026-28 urte arterako ekintza plana ere.
Herri hau bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuan sartzeari baiezkoa eman zion Eusko Jaurlaritzak. Aldiz, ezezkoa, 524 usurbildarrek eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 140.000 lagunek baino gehiagok sinaturiko pentsio duinen aldeko Herri Ekimen Legegileari. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua aurtengo lehen hilabeteetan "Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko" sustatzen aritutako Herri Ekimen Legegilea (HEL) izapidetzearen aurka agertu zen Eusko Jaurlaritza.
Delirium Tremens-en agurra eta Santuenean jai
Une berezi bat baino gehiago bizi izan genuen irailean. Haietako bat, agur birako kontzertua eskaini zuenean Mikel Laboa plazan Delirium Tremens taldeak. Iñurritegiak ere bigarrenez bizitzari gorazarre egin zion. Jendetza erakarri zuten Iñurri Eguneko ekintzek. Hunkidura malkoz eta irriez betetako elkartasun festa handia egin zuten.
Aste horietan, udako jaien bira amaieran murgildu zen herri hau. Ikasturtea abiarazteko bertako auzo elkarteak hainbat dinamika bideratu ostean, Santueneak hartu zuen jaien lekukoa. 48 orduz jai giroa lehertu zen bertan. Globo gerra edota txarangen, Usurbilgo joaldunen nahiz estreinako Lauburu konpartsakoen kalejirak, sardin edota piper janak, kolore festa eta haur jolasak… Mugiarazi zituzten ekintza horiek guztiek auzotarrak nahiz bisitan izandako herrikideak festara.
Asteburu horretan, Donostiako Zinemaldi garaian ginen. Zinemaldi alternatiboko film proiekzioa antolatu zuten Zubietako Kaxkapen.
Bisitak eta ikastaroak
Sagardo kontuak ere hizpide izan genituen. Aginagako Eliza Zaharrean Iparraldeko sagardoak dastagai jarri zituen Alkartasuna kooperatibak. Euskal Sagardoak 6-7 milioi kilo sagar bilduko zirela aurreikusi zuen. 650 Usurbil Bizi herri egitasmoa ere hizpide izan genuen, sagar jotzeari lotutako bisita gidatu berri bat antolatzeaz gain, beste hiru Ondarearen Europako Jardunaldien baitan txertatu zituztelako.
Ikastetxeek 2025-26 ikasturteari ekin berritan, ikastaroetan matrikulatzeko garaia izan zen, bestalde. Besteak beste, Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Emakumeon Etxeak ikastaro, zerbitzu eta emanaldiez hornituriko urritik otsailerako eskaintza plazaratu zuen.
Udal erabakiak
Udalbatzak hartutako erabakiei dagokienean, etxez etxeko zerbitzuaren udal arautegia, larrialdietara bideraturiko etxebizitzen ordenantza berritua eta Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzei lotutako araudia behin betiko onartu zituzten. Haraneko musika lokaletan izena emateko epealdia zabaldu zuten herriko musika taldeentzat, bestalde, aurrez onartua zuen lokalon erabilerarako betebeharren, eskubideen eta funtzionamenduaren ordenantzaren harira.
Iraileko argitalpenak
Irailaren 5eko 1043. NOAUA!
Irailaren 12ko 1044. NOAUA!
Irailaren 19ko 1045. NOAUA!
Irailaren 26ko 1046. NOAUA!