Urrian sartzearekin batera bukatu zen uda parteko festen denboraldia, ohi bezala, amaiera bizia izan zuen Aginagako festekin. Urriko lehen bi asteburuetan aginagarrak elkarren artean lehiatu ziren herri kiroletan, oilasko biltzaileen belaunaldi arteko bira osatu zuten edota herri afaritarako elkartu ziren lehen asteburuan.
Herri kooperatibari gorazarre eginez hasitako ospakizun zikloa, hamaiketako, mus edota toka txapelketarekin, haurren jolas, puzgarri, euskal abestien bingoarekin edota gaupasa ederrarekin borobildu zuten.
Aginagan, festen ondotik herri girotzeak segida izan zuen Eliza Zaharrean Kalakan taldekoekin. Berçait anaiekin batera kontzertua eskaini zuten.
Hilabetea ere albiste ederrekin agurtu zuten Aginagan. Eremua biziberritzeko Usurbilgo Udalak eta Aginagako herri kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, une hartan bertan inauguratu zuten Arrate eraberrituan. Taberna, denda eta jantoki komunitarioa izango ditu aurrerantzean.
Hamaika hitzordu
Jaialdiz jaialdi joan zitzaigun urriko bigarren hamabostaldia ere. Txalapartaren ttakunak hartu zuen herri hau urriaren 19an, txalaparta jo, ikusi edota entzuteko Jexux Artze K.E.-k antolaturiko jaialdiarekin. Artzetarrak gogoan hartutako Juan Mari Beltranen eta kideen emanaldi ederrak borobildu zuen eguna.
Sagardoaren ibilbide berezia osatu zuten, biharamunean, Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak bertsoz girotua, Jakoba Errekondo paisajistaren azalpenekin eta Egiluze baserrian eginiko zuzeneko sagar jotzearekin. Egun berean, tipi-tapa, Buruntzaldeko Ibilbideen Egunean parte hartzeko aukera izan zen. Asteburu hura ere bertsotan joan zitzaien Santuenean. Santuenea Kultur Elkarteak bertso-afaria antolatu zuen Ibai-Ondo elkartean Nerea Elustondo, Sustrai Colina eta Eli Pagola bertsolariekin.
Euskarazko literatura guztion esku sarean jartzen diharduen Booktegi elkartearen jaialdia izan genuen baita urriko azken asteetan. Sortzaileen “elkarri irakurriz” saioek, Udarregi ikastolako ikasleek liburuak gomendatzeko grabatutako ikus-entzunezkoen proiekzioak, Amebaren kontzertuak edota Ruper Ordorikari gorazarren egin zion errezitaldiak osatu zuten zikloa.
Egun berean, Orbeldi Dantza Taldeak bere 10. urtemuga ospatu zuen kalejira, bazkari eta erromeriarekin. Dantza taldeko kideetako bat, Ugaitz Agirre idazlea saritu zuten lehenago, Bilboko Gabriel Aresti ipuin lehiaketan.
Kultur ekitaldi gehiago ere izan genituen urrian. NOAUA! Kultur Elkarteak euskarazko film berrienen zikloa abiarazi zuen; “Jone, batzuetan” filmaren proiekzioarekin. “Ahaldatu” bigarren lana aurkeztu zuen kontzertu bidez Mihisek Sutegin. Izan Bai taldeak bere lehen diskoaren grabazio prozesua plazaratu zuen.
Alkartasuna kooperatibak sagar barietateen ezagutzan sakontzeko haien erakusketa antolatu eta ezagutza partekatzeko gonbita egin zuen.
Urria, estreinakoz herri mailako lankidetzari esker, Gau Beltza berezi, ikusgarri eta jendetsuarekin agurtu zuen Usurbilek. Beldurrei su eman eta Gau Beltza argitu zuten, lagunarte giro ederrean eginiko jolas, kalejira eta amaiera ekitaldi girotuarekin.
Zubieta arretagune
Zubieta izan genuen arretagune nagusietako bat urrian, oso tankera ezberdinetako albisteak tarteko. Aizpurua autobusak lantegikoek Irizar i6 Efficient autobus berria aurkeztu zuten Araetako aparkalekuan. Bertako elizan, “Katana” bakarrizketa saioa eskaini zuen Ana Goitiak. 62. Enrike Abril Errebote Lehiaketako txapeldunorde izendatu zuten Zubietako taldeetako bat.
Bizi asko zeharkatu zuten, bestalde, Zubieta, Lasarte-Oria Bai! kroseko parte hartzaileek; tartean, herri ordezkaritza zabala izan zen.
Baina bestelako berri ilunagoak ere izan ziren; erraustegitik heldutakoak esaterako. Asteburuetako batean, Zubietako erraustegia isurtzen ari zen ke zutabe handiak kezka eta haserrea eragin zituen beste behin. Sute txikia izan omen zen GHK-ren arabera.
Arkaitzerreka eta inguruak "suntsitu eta porlanez betetzen" ari direla ere salatu zuen Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Arkaitzerrekako isurketen harira, bestalde, hamazazpi zuzendari eta teknikariek ikertu gisa deklaratuko zutela berri eman zuen, GuraSOSek. Elkarte beraren eskutik heldu zitzaigun honako beste albiste hau ere. Erraustegi gehiago ez eraikitzea galdegin zioten 156 eragileek Europako Batzordeari. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyeni helarazitako gutunaren sinatzaileen artean zen GuraSOS.
Handik gertu, "Oriako arrain-populazioak suspertzeko" funtsezkotzat jo zuten beste behin, Orbeldiko presa eraistea Anerreka ingurumen elkarteak, Eguzki talde ekologistak eta Naturkon, Gipuzkoako talde ekologista eta naturalisten koordinatzaileak, bertan eraiki nahi duten ur lasterren kanal-proiektua aurrerabidean dela ikusita.
Orian beherago joanda, angula arrantzatzeko 2025-26 denboraldiko kanpaina bertan behera utzi zuen Eusko Jaurlaritzak. Eguzki talde ekologistak erabakia txalotu zuen.
Txikizioak
Udalbatzak hartutako erabakiei dagokienean, abiatzear dugun 2026an zergak, tasak eta prezio publikoak %3 igotzea erabaki zuen. Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzetan izena emateko epealdia zabaldu zuten. Aldiz, itxi egin zuen behin-behinean Munalurrako ikasgela, azken erasoen ondotik. Konponketa lanak eginda ireki zuten berriz, baina erabiltzaileekin bildu ostean, giltza bidezko sistema ezarrita.
Berrikuntza gehiago; izan ere, sei auzo-konpostagune berritu zituen Udalak.
Azkenik, Usurbil ofizialki, etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremuan sartu zen, irailean Eusko Jaurlaritzak Udalaren eskaerari baiezkoa eman eta hilabete hasieran, etxebizitzen alokairu prezioen indizea indarrean jarri ostean.
Palestinarekin bat
Mobilizazioei dagokienean, azaroa hasierako Zaldibarko Baterajotzera begirako girotze ekitaldia egin zuten Buruntzaldeako gazte feministek Mikel Laboa plazan. Lehenago, herriko emakumeen topaketa egin zuten Emakumeon Etxean.
Herria geldiarazi zuen, bestalde, Palestinak, urriaren 15ean sindikatuek Hego Euskal Herrian deitutako lanuzte orokorrean. “Palestina babesten jarraitu behar dugu”, adierazi zuten iluntzean, Mikel Laboa plazan eginiko herri mobilizazio burrunbatsu eta jendetsuan. Goizean zehar, nabaria izan zen ikastetxe, udal zerbitzu, saltoki eta industriaguneetan lanuzteak izandako jarraipena.
Herriko saltokiak aipatuta, erosketa bonuen kanpaina abiarazi zuen Hurbilago merkatarien eta ostalarien elkarteak. Ostalaritzaz ari garela, Olivi erretegiak 16. Parrilla Txapelketa Nazionala irabazi zuen.
Urriko argitalpenak
Urriaren 3ko 1047. NOAUA!
Urriaren 10eko 1048. NOAUA!
Urriaren 17ko 1049. NOAUA!
Urriaren 24ko 1050. NOAUA!
Urriaren 31ko 1051. NOAUA!