Euskararen Egunari gorazarre eginez ekin genion urteko azken hilabete honi. Egun horretan aurkeztu zuen NOAUA! Kultur Elkarteak, bere garaian Arantzazu Aranburu herrikideak bildutako garai bateko euskarazko hitz eta esamoldeekin sortutako umorezko esketxen lehen atala. Asteotan plazaratzen joandako atal guztiak estreinakoz denak batera ikusi ahal izan zituzten, proiektuari buruzko xehetasunak ezagutzearekin batera, Udarregi ikastolako DBH-ko ikasleek abenduaren 3an Sutegin. Aranburuk berak nahiz proiektu honen sustatzaile izandako NOAUA! K.E.-ko edota Udaleko ordezkaritzak parte hartu zuten hitzorduan.
Yolanda Arrietak eta Ane Arzelusek NOAUA! K.E.-rentzat sortutako ipuina ere aurkeztu zen egun beraren bueltan. Arrietak berak, gainera, berrargitaraturiko "Jostorratza eta haria" liburua aurkeztu zuten Sutegi udal liburutegian.
Gainerakoan, ikasleek jolasean edota kantuan eman zuten Euskararen Egun hura. Emanaldietako bat frontoian eskaini zuten eguerdian, iluntzean Kantu Taldeak eta Zumarte Musika Eskolak bertatik abiatu zuten herri erdigunean barrena eginiko kalejira.
Independentziarantz
Beste egun seinailatua, hilaren 3arekin batera, abenduaren 6a izan zen, Espainiako Konstituzioa onartu zeneko urtemuga; eta, noski, ez zen izan ospakizun eguna Usurbilen. Ernai gazte antolakundetik sare sozialen bidez jakinarazi zutenez, udaletxeko bandera espainola kendu zuten. Egun berean, Mikel Laboa plazan eginiko agerraldi bidez, Buruntzaldeako gazte independentistek argi utzi nahi izan zutenez, "gazteok ez dugu Espainiako Konstituzioa onartzen". Independentziaren alde lerratzera deitu zuten, astebete geroago, abenduaren 13an Usurbilen egindako egun osoko eskualde mailako hitzorduan.
Ekitaldiaz edota bertso bazkariaz gain, Buruntzaldea independentziara bultzatzeko eskualde mailako manifestazioa egin zuten herrian barrena hilaren 13ko Independentzia Egunean. "Independentziaren aldeko gazte olatu berria geldiezina da", aldarrikatu zuten mobilizazio amaieran.
Palestinarekin bat
Ekintzez betetako asteburua izan genuen orduko hura. Independentzia Egunaz gain, Usurbilgo jatorri aniztasuna jaialdi bilakatzen duen Mundualdia egin zen baita. Aurtengo edizioak Palestinarekin egin zuen bat, ohorezko gonbidatuekin; Gazako Soul Band taldekoak izan genituen gure artean, haien bizipenak ardatz hartutako hitzaldi musikatuekin. Ez zen falta izan, askotariko jatorrietako herrikideek prestaturiko haien sorterrietako jakien dastaketa arrakastatsua.
Eguna, San Sebastian Cricket Club taldekoen kriket erakustaldiarekin hasi zuten. Ekimenean parte hartu zuten gero, eguerdi partean, Mikel Laboa plazan eginiko elkarretaratzearekin bat egin zutenek. Eguerdi horretan hain zuzen, "Espezializazio goiztiarra ez. Multikirola bai" aldarripean, elkarretaratzea egin zuten frontoi atzean. Azken epaiari, multikirola defendatuz erantzun zioten herrikideek, kirol eragileek eta kirolari ezagunek.
Azken azoka
Biharamunean, urteko azken azoka izan genuen NOAUA! K.E.-ren eskutik; San Tomas azokaz ari gara. Giro ederra izan zen postuetan. Amaieran, sagardo eta babarrun ekoizle onenak saritu zituzten, zeregin horietan jardundako Tolosako Babarrun Elkarteko ordezkariek nahiz ostalaritza, elkarte edota sagardogintzako ordezkariek osaturiko epaimahaiek. Elkarte hau ere albiste izan genuen, Bikain ziurtagiria jaso zuelako.
Asteburu berean, "Almazenean" antzezlana eskaini zuten Iker Galartzak eta Zuhaitz Gurrutxagak. Akelarre musika taldeak bere agurrerako ekoitzitako "marearen kontra" izeneko dokumentala ere proiektatu zuten Zubietan, Aginagan eta Usurbilen. Ezusteko hainbat jaso zituzten proiekziootara joandakoek. Izan ere, herriko hainbat zaletu agertu ziren irudietan eta pasarte oso bat eskaintzen dio ikus-entzunezkoak herri honi, hemen grabatu zutelako zuzeneko diska bat.
Ospakizunak eta topaketak
San Tomas azokak jada negu hasiera honetako ospakizun zikloan barneratu gintuen. Ordutik gaur arte, izan ditugu ikastetxeen kantaldiak, Mari Domingiri eta Olentzerori harrera beroa egin die herri honek, ehun 650 Usurbil Bizi Otar zozketatu eta banatu ditu. Jokatu dira gabon garai honetako futbol eta eskubaloi txapelketa bereziak. Gabonek berpiztu dituzte Aginaga edota Santuenea hainbat dinamiken bueltan.
Horrez gain, "Gero Bat Gaurdanik: Arrobitxulo eraikitzen" topaketak bideratu dituzte elkargunearen baitan diren Kulturguneak, gazte mugimenduak edota aisialdiko eragileek. Denetariko ekintzez osaturiko egitarau oparoa eskaini diote herri honi; sorkuntza eta talogintza tailerrak, egitasmoari lotuta hartu beharreko hainbat erabakien harira eginiko Arrobiltzarra, San Tomas festa, Aztarrikant, Aztarritruk, Ondoezik taldekoen emanaldia edota auzolanean margotu, elkargunearen kokagunea izango den horretan errotu eta 24 ordura ezezagunek txikitu zuten muralaren margotzea.
Egun horien artean, Iñaki Agirresarobek Ixabelek kontakizun batekin giroturiko naturako koloreak hizpide zituen diaporama eskaini zuen Sutegin abenduaren 23an eta egun berean, alboan, Aitzaga elkartean prestatu zuten herritar boluntarioek azaroa amaieran bildutako laguntzari esker, Kaleko Afari Solidarioako egitasmoko lehen otordua. Iluntze hartan bertan garraiatu zuten Donostiara.
Azken udal erabakiak
Gainerakoan, albiste izan genuen martxoaren 28ko asteburuan jokatuko den 2. Ibai-Ondo Backyard erronka. Izan ere, azaroan usurbildarrei izena emateko lehentasuna eman ostean, izen-emate orokorra ireki zuten hilabete hasieran. Minutu gutxira agortu ziren dortsalak.
Udal erabakiei dagokienean, "Orain, norbaitek zainduko al gaitu gu?". Haur eskolako langileek idatzia aurkeztu eta hitza hartu zuten azaroaren 26ko udalbatzaren osoko ohiko bilkuran. Haur eskolaren eta haien lan egoeraren etorkizunarekiko kezka agertu eta eskaera bikoitza egin zioten Udalari; batetik, "Haur Eskolako langileokin komunikazio zuzena, gardena eta etengabea bermatzea, gure etorkizunari buruzko informazioa garaiz eta argi partekatuz". Bestalde, Udalak bere gain hartzea galdegin zuten, "lanpostuen egonkortasuna eta lan-baldintzen bermearen konpromisoa".
Langileen lan eskubideez ari garela, martxoaren 17rako greba orokorra deitu zuten LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herrian, baita honenbestez, Usurbilen ere, "1.500 euroko LGS bat ezar dadin galdegiteko".
Udal erabakietara itzulita, bake epailea hautatu eta udal langileei lotutako zenbait erabaki ere hartu zituen udalbatzak aste haietan. Artean, 2026ko udal aurrekontuak alegazio epean sartu ziren eta urtarrilaren 1etik aurrera indarrean izango diren 2026ko ordenantza fiskalak behin betiko onartu zituzten.
Udalerri honetako lehen sektoreko ustiategientzako ordezkapen zerbitzua abiarazi zuen Udalak Behemendi Landa Garapeneko elkartearen bidez.
Albisteon artean, ekaina hasieratik berritze lanetarako itxitako Txokoaldeko zubia partzialki ireki zuten oinezko zein txirrindularientzat.
Abenduko argitalpenak
Abenduaren 5eko 1056. NOAUA!
Abenduaren 12ko 1057. NOAUA!
Abenduaren 19ko 1058. NOAUA!
Gabonetako gehigarria